"Kontzertua" proiektuaren barruan kantu bat sortu du Andrea Berbois musikari eibartarrak Faktorian

Garazi Cuadra Alvarez

Artista eibartarrak astebeteko egonaldia egin du Faktorian, Kontzertua proiektuaren barruan, elektronikaren eta arte eszenikoen arteko loturak ikertzen dituen bere musika-sorkuntzan aurrera egiteko.

Andrea Berbois Laspiur (Eibar, 1988) musikariak, performerrak eta pedagogak bere hirugarren abestia sortu du Faktorian, astebeteko egonaldian. Sorkuntza hori Kontzertua proiektuaren parte da. Aurten musika propioa sortzeari ekin dio artistak, elektronikarekin, ahotsarekin eta ordenagailu bidezko tresnekin esperimentatuz. 

Formazioz biolinista eta ibilbide luzeko artista den heinean, Berboisek azken urteetan arte eszeniko eta performatiboen munduan sakondu du. Aurten, ordea, musika propioa sortzeari ekin dio. Bide horretan, hainbat egonaldi garrantzitsu egin ditu: Tabakaleran bere lehen abestia sortu zuen, Dinamoan bigarrena, eta oraingoan Faktoria Sormen Egonaldien parte izan da. Musikagintza berri honetan, elektronikari lotutako tresnak eta ahotsa erabiltzen ditu ordenagailu-programen bidez. Bestalde, Arte Eman Festan ere parte hartuko du. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak antolatutako jaialdia, eta artistaren sormen-lanaren erakusleiho izango da.

Kontzertua proiektuaren baitan, artistak bere musika-proiektua garatzen dabil, etorkizunean zuzeneko kontzertu bat eskaintzeko eta disko bat grabatzeko asmoz.

Hainbat diziplinetan aritzen den artista

Ibilbide zabala eta diziplina anitzekoa da Berboisen praktika, soinuaren eta performancearen artean mugitzen dena. Tripak kolektiboko kidea da 2014tik, eta talde honekin batera antzerki esperimental nahiz performatibo ugari sortu ditu. Bere lanak Euskal Herriko eta estatuko espazio garrantzitsuetan erakutsi dira, hala nola Azkuna Zentroan, Artiumen, Tabakaleran, Madrilgo Teatro Pradillon edo Bartzelonako TNT-n, baita aurtengo Veneziako Bienalean Euskadi ordezkatzeko aukeratutako artisten artean ere. Gainera, 2022tik Errenteriako Eztena Jaialdiaren antolakuntzan ere parte hartzen du, inguruko artista esperimentalei plaza bat eskaintzeko asmoz.

Bere musika propioa garatzeko etapa berri batean murgilduta dago, elektronika eta ahotsarekin esperimentatuz.

Zineman eta antzerki-proiektuetan ere ibilbidea du, interprete gisa aritu zen Irati Gorostidiren Aro Berria pelikulan, 2025ean Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia eskuratu zuena, eta Metrokoadroka Kolektiboarekin batera Mundo eta Unibertso performancean parte hartu zuen Ea herrian, Oihana Vesga eta Edurne Azkaraterekin batera. Horrez gain, bere prestakuntza nazioarteko hainbat artistarekin osatu du, hala nola Mal Pelo, Julen Achiary edo Amsterdamgo Katie Duckekin. 

Etorkizunari begira bi erronka nagusi ditu artistak: "kontzertu oso bat prestatzea eta disko bat grabatzea gustatuko litzaidake". Aiaraldea Ekintzen Faktorian egindako egonaldia bide horretan beste urrats bat izan da, bere musika-proiektua garatzen jarraitzeko aukera emanez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide