Paxkal Irigoyen Etxeberri (Nafarroa, 1988) musikariak, kontzertu bat eskainiko du Faktoria Sormen Egonaldien barruan, Laudion, urriaren 18an arratsaldeko 19:00etan. Musika sortzeko, ahotsa, gitarra, pianoa, biolina eta saxofoia batzen ditu, baita sintetizadorea ere. Sarrerak salgai daude jada Kultura Sormen Faktoriako webgunean.
Irigoyenek haurtzarotik musika ikasi eta praktikatu du, eta laborantzako ikasketak burutu ondoren, musikara itzuli da. Azken urteetan hainbat taldetan parte hartu izan du: 667, Totem, TUD, Holako, Zezenaren Taldea, Bilau, Txost!, BBAX, Frigo, Bloñ, Fifita edota bere izenean, taldeka eta bakarka.
2017an atera zuen aurreneko diskoa eta 2023an 'Piko' izen artistikoarekin aritu zen kontzertuak ematen. 2025. urtean, ordea, 'Xak' ezizenarekin atera zuen diskoa. Egun, Irigoyenen musika estiloa folketik hurbil aurkitzen da, instrumentu akustikoak erabiliz.
Formakuntza prozesuan murgilduta dago, musika tresna desberdinak lantzen abesti berri bati bide eman aurretik.
Faktoriako egonaldian, formakuntza prozesuan aritu da, musika tresna desberdinak landuz: "Barnera begira nabil orain, fase horretatik pasa behar naiz zerbait sortu eta erakutsi aurretik".
Bide batez, etorkizunari begira disko bat ateratzeko xedea du, beste parte-hartzaileekin lan eginez: "Beste hizkuntza batean aritzen diren musikariekin lan egitea nahiko nuke, zehazki, hizkuntza zapalduekin".
Hala ere, helburu honi lasaitasunez helduko diola argitu du musikari nafartarrak.
Kontzertuaz gozatzeko, bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte, bazkide ez direnek 12 euro eta ikasleek zein langabetuek, berriz, 8 euro.
"Beste hizkuntza batean aritzen diren musikariekin lan egitea nahiko nuke, zehazki, hizkuntza zapalduekin".
Emanaldia, Faktoria Sormen Egonaldien parte da
Irailetik azarora bitartean, Aiaraldeak Euskal Herriko ekialde eta mendebaldeko artistak bilduko ditu Arte Hartze zikloaren barruan. Topaketa, elkarlan eta hausnarketarako gune izango da, euskarak zubi lana eginez eta sormena kolore zein forma anitzez jantziz.
Aiaraldeako hainbat txoko zeharkatuko ditu zikloak, eta bereziki Faktoria izango du bilgune nagusi. Artistak elkartu, elkar entzun, elkarrekin sortu eta gozatzeko aukera izango dute.
Sarrerak salgai hemen.