Igor Arzuaga musikari eta artistaren azken agur jendetsua egin dute gaur 20:00etan Santa Ana parrokian. Senideekin batera ehunka lagun bertaratu dira elizkizunera. Asko elizara sartu dira eta beste askok nahiago izan dute kanpoan geratu, bere erara agurtzen, batzuk ingurutan eta talde batek tabernan.
Aretarraren nahia izan zen horrela egitea, bere aitak egin zuen moduan, eta herritar mordok erantzun diote deiari. Batzuekin oholtzak partekatu zituen; Josu Zabala Hertzainak taldearen sortzailea, Bingen Mendizabal, Nando de la Casa eta baita Exkixuko kideak ere, zeintzuek gaur, hain zuzen, iragarri duten kontzertua eskainiko dutela apirilaren 17an.
Jendetza osatu dutenen artean tokiko sortzaile mordoa ere egon dira: Aritza Ortuza bere lagun-mina eta hainbat proiektuko konplizea, Egoitz Uriarte, Esti Urresola, Izaskun del Cerro, Izar Mendiguren Cosgaya... Izan ere, aretarrak egitasmo ugari garatu zituen Aiaraldeko musikari askorekin.
Laudioko alkate Ainize Gastaka eta udal gobernu taldeko ordezkaritza zabala ere agertu da. Pablo Gorostiaga eta Itziar Duoandikoetxeak ere parte hartu dute, Laudioko eta Arrankudiaga-Zolloko alkate ohiak, hurrenez hurren.
Edonola ere, agurrean parte hartu duten gehienak herritar soilak izan dira, uneak partekatu dituztenak Arzuagarekin tabernetan, jaietan edo bestelako ekimenetan.
Agurrari dagokionez, bere bikoteak idatzitako eskutitzarekin batera ez da falta izan musika, nola ez. Xalbadorren heriotza jo du bere anaiaren bikoteak (eta Igorren taldekide izandakoa Narratsen) elizan eta zeremonia amaitzean, elizako arkupean, Agur jauna eta Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak entzun dituzte elkartutakoek, txistu eta alboka doinuekin interpretatuak, hurrenez hurren.
Horren ostean denbora luzea behar izan dute bertaratutakoek Aretatik barreiatzeko, senideek besarkada andana jaso baitute. Bere lagun Beñat Saratxagak ere oroigarria prestatu du propio, Igorri egindako azken erretratuarekin eta honako mezu honekin:
Igor Arzuaga
Kimeraren lurraldeetan
berriro aurkituko zaitut
Eta hamar musu emango dizkizut
Eta gero
Beste hamar.