San Rokezar adinekoen egoitzaren berrirekierak PSE-EEren kritikak eragin ditu. Laudioko talde sozialistaren arabera, instalazioak ez dira oraindik behar bezala egokitu, hainbat lan amaitu gabe daude eta taberna zerbitzua ez da martxan jarri. Horrenbestez, kluba ireki aurretik konpondu beharreko hainbat kontu daudela uste dute.
Besteak beste, ate zaharretatik sartzen diren aire-korronteak, sukaldeko sabaian dagoen zuloa, falta diren etengailuak eta behar bezala ekipatu gabeko komunak aipatu dituzte. Horrez gain, sarrerako pertsiana ezin dela ireki adierazi dute.
PSE-EEren arabera, gabezia horiek zuzendaritza-batzordean ere planteatu zituzten, baina gobernu taldeak ez die behar besteko arretarik eskaini. Loli Muriel zinegotzi sozialistak zalantzan jarri du lan guztiak amaitu aurretik kluba berriro irekitzeko hartutako erabakia.
San Rokezar adinekoen egoitzak urriaren 19an ireki zituen berriz ateak
Obrak apirilaren 20an hasi ziren, eta lau hilabeteko iraupena aurreikusi zen. Esku-hartzearen helburua instalazioak hobetzea eta egokitzea zen, besteak beste, adinekoentzako jangela berri bat martxan jartzeko. Alegia, atzo abiatu zuten adinekoentzako jantokia soziala.
Instalazioetako gabeziez gain, taberna zerbitzurik ez egotea ere kritikatu du alderdi sozialistak. PSE-EEk azaldu duenez, behin baino gehiagotan eskatu dute zerbitzuaren kudeaketa lizitaziora ateratzea, baina oraindik ez da halakorik egin. Gainera, ez da behin-behineko alternatibarik jarri, hala nola edariak saltzeko makinarik.
Talde sozialistaren ustez, kluba berriro ireki aurretik konpondu behar ziren gabezia horiek, erabiltzaileek instalazioak baldintza egokietan erabili ahal izateko: “Zerbitzu honen alde gaude, baina ekimen on batek gauzatze egokia behar du. Adinekoek ezin dituzte presaren edo plangintza eskasaren ondorioak pairatu”, adierazi du alderdiak.
Parkea Kultura Topaguneari buruzko eskaerak ere egin dituzte
PSE-EEk Parkea Kultura Topagunearen egoeraz ere hitz egin du. Urriaren 4an jendaurrean ireki bazen ere, hainbat kultur elkartek oraindik ez dutela beren jardueretarako aretoak erabiltzeko eskaerei erantzunik jaso adierazi dute.
Haien esanetan, eraikinak berreskuratzea eta espazio berriak irekitzea ez da nahikoa; herritarrek eta elkarteek instalazio horiek normaltasunez erabili ahal izatea ere bermatu behar da.
Hori dela eta, gobernu taldeari eskatu diote San Rokezarreko hobekuntza lanak amaitzeko, taberna zerbitzua martxan jartzeko eta Parkea Kultura Topaguneko instalazioak erabili nahi dituzten elkarteei erantzuteko.