Mobilizazioa egingo dute bihar Laudioko herritarraren lan heriotza salatzeko

Erredakzioa

Herriko plazan izango da elkarretaratzea./  Aiaraldea.eus

Herriko plazan izango da protesta arratsaldeko zazpietan SOS Aiaraldeak deituta, lanpostuetan gertatutako heriotzak salatzeko eta horrelako gertakariak ez normalizatzeko.

Mobilizazioa egingo dute bihar arratsaldeko zazpietan Laudioko Herriko plazan, asteartean gertatutako lan heriotza dela eta. Larrabetzuko Euskopan enpresan izan zen ezbeharra eta zendu zen 37 urteko gizonezkoa laudioarra zen, Aldi Baterako Enpresa batek kontratatutakoa.

SOS Aiaraldeak antolatu du protesta, horrelako gertakariak ez normalizatzeko eta prekarietatea salatzeko helburuarekin.

Eragileen mezuak

LAB sindikatuak oharra plazaratu du heriotzaren harira eta doluminak adierazi dizkie bere senideei. Halaber, honakoa aldarrikatu du: "Langileon bizitza eta osasuna interes ekonomikoen gainetik jarriko dituen lan-eredu baten alde borrokatzen jarraituko dugu". Hori da, langile erakundearen iritziz, hildako beharginei egin ahal zaien omenaldirik onena.

Izan ere, sindikatu horrek 63 lan heriotza zenbatu ditu aurten Hego Euskal Herrian eta kopuru beldurgarritzat jo du. Hori dela eta, langile guztiei zabaldu die gonbidapena mobilizazioetan parte hartzeko.

Zendutako herritarra gaur agurtuko dute Larraz ehorztetxean 19:00etan bere senideek eta lagunek. Horien artean egongo dira Sugarrak Saskibaloi Taldeko kideak. Berez, klubeko jokalari eta entrenatzailea izan zen eta horrela agurtu zuten atzo sare sozialetan:

"Sugarrak Laudiotik, gure klubeko jokalari eta entrenatzaile ohia izan zen Joshuaren heriotzagatik gure doluminik sentikorrenak adierazi nahi ditugu. Une gogor hauetan, gure babes eta maitasun osoa helarazi nahi dizkiegu familiari, lagunei eta gertuko guztiei. Beti izango zara gure familiaren parte, Joshua. Goian bego".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide