Laudiokoa da gaur goizean Larrabetzun gertatutako lan istripu traumatikoan hildako behargina, ETBk jakinarazi duenez. Euskopan elikagai enpresan ari zen lanean ezbeharra jazo denean, aldi baterako lanerako enpresa batekin.
UGT sindikatuak eman du heriotzaren berri eta Osalani eskatu dio aztertzeko segurtasun neurri guztiak betetzen ote ziren. Oraindik ez dira heriotzaren nondik norakoak argitara atera.
Hau ez da izan eskualdean aurten egon den lehen lan heriotza, ekainean Vibrantz enpresan zendu baitzen Laudioko beste langile bat. Iaz, aldiz, beste batek galdu zuen bizia Amurrioko Tubos Reunidos lantegian, altuera batetik erorita. Abenduan, ordea, kamioilari bat hil zen Laudion, istripu ez tramatiko batean.
Horiekin eta gaurkoarekin, eskualdeko hogei behargin baino gehiago hil dira azken hamarkadan euren lanpostuan.
Hego Euskal Herrian, aldiz, 63 behargin hil dira orotara aurten beharrean ari zirela.