“Elkarrizketarik eza” eta etengabeko atzerapenak leporatu dizkio EAJk EH Bilduri HAPOren auzian

Txabi Alvarado Bañares

EAJko Laudioko zinegotziak, artxibo irudi batean. / EAJ

Jeltzaleek uste dute udalbatzara aurkeztutako dokumentua “printzipio generikoak jasotzera” mugatzen dela, eta nabarmendu dute ez dela egia ez dutela prozesuan parte hartu nahi izan. 

Urriaren 26ko Udal Osoko Bilkurara eraman zen Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren irizpideen eta helburuen dokumentua, baina ez zuen aurrera egin, Omniak eta EAJk aurka bozkatu zutelako.

Alderdi jeltzaleak oharra plazaratu du bere jarreraren berri emateko, azalduz dokumentu hori EH Bilduren Udal Gobernuak “alde bakarrez egindako prozesu baten ondorioa dela, oposizioak eskatutako adostasun politikorik eta baterako lanik gabe”.

Oposizioko taldeak bat egiten du HAPO berri baten beharrarekin,  baina nabarmendu du plan berria “gardentasunetik eta etorkizunerako nahi den udalerri-ereduari buruzko akordiotik abiatuta” eraiki behar dela. 

Ander Larrinaga bozeramaile jeltzaleak gogorarazi du oposizioko taldeek 2025eko martxoan azaldu zutela desadostasuna dokumentua egiteko moduarekin, eta horren aurrean EH Bilduk “bakarka jarraitzea” erabaki zuela.

Hala argudiatu du EAJren alkategaiak: "Guk aurreko legegintzaldian Laudiorako HAPO berritzea bultzatu genuen, eta pena handia ematen digu, EH Bilduk tramitazioan hainbat atzerapen izan ondoren, orain oposizioari nahikoa entzun gabe landu den dokumentu baterako laguntza eskatzeak, duela hilabete batzuk hori ez zela bidea ohartarazi ondoren. Adostasuna ezin da soilik bozkatzeko unea iristen denean erreklamatu; prozesu osoan eraiki behar da".

Horri lotuta, jeltzaleek azpimarratu dute bozketara aurkeztu dena ez dela prozesu osoa, bide horren dokumentu bat baizik. Horregatik, euren hitzetan, testua onartu ez izanak ez du esan nahi “HAPOa bertan behera geratuko denik, ezta Laudiok hirigintza-antolamendu berri bat izateari uko egingo dionik ere”. 

Horri lotuta, nabarmendu dute plana egiten laguntzeko kontratatutako enpresak ez duela lanekin jarraituko eta, beraz, “laguntza tekniko berri batekin” ekin beharko zaiola prozesuari, dokumentua nahitaez berrikusiz.

Gainera, jeltzaleek uste dute dokumentu berriak “printzipio oso orokorrak” biltzen dituela, eta ez dituela “behar beste zehazten Laudiorako funtsezkoak diren gaiak”. Horregatik guztiagatik, defendatu dute dokumentuak onartu edo ez onartzeak ez duela inolako ondorio praktikorik, eta berriz nabarmendu dute honek ez duela “Plan Orokorra eroraraziko”. 

Jeltzaleek uste dute dokumentu berriak “printzipio oso orokorrak” biltzen dituela, eta ez dituela “behar beste zehazten Laudiorako funtsezkoak diren gaiak”.

Horrekin batera, esan dute ez dela egia ez dutela parte hartu nahi izan. “Bileretarako gonbidapenak egon dira, noski, baina guk hasieratik planteatu genuen beste lan egiteko modu bat, irekiagoa eta talde guztien benetako parte-hartzearekin. Beren ereduan parte hartzera gonbidatu gaituzte, baina ez dute aktibatu nahi izan oposizioak eskatu zuen eta beharrezkotzat jotzen dugun elkarlanerako eredua”, azaldu du Larrinagak.

Horri lotuta, ordezkari jeltzaleak nabarmendu du “hamarkadak iraungo dituen HAPO bat” ezin dela “udal ordezkaritzaren zati handi bati bizkarra emanda egin”. 

EAJren ildo proposamenak

Etorkizunerako HAPO horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak ere laburbildu ditu EAJk. Hiru parámetro nagusitu behar direla uste dute jeltzaleek: “Etxebizitza, industria eta auzoak”. Euren ustez, “etxebizitza publiko eskuragarriari” eman behar zaio lehentasuna, “batez ere alokairu-erregimenean”. 

Bestalde, Lamuzako parkea “espazio botaniko, kultural, kirol eta herritarren gozamenerako gune gisa” finkatzea ere defendatu dute, “ingurunea eraldatuko duten eraikin berriak sustatu gabe”. Horrez gain, mugikortasun jasangarriagoa eta seguruagoa bultzatzea ere eskatu dute, “naturguneen babesa” bermatzearekin batera. 

Horregatik guztiagatik, EAJk uste du HAPO ezin dela “printzipio generikoak jasotzera” mugatu, “galdera oso zehatzei” erantzun behar dielako: “Laudio non eta nola haztea nahi dugun, auzoen arteko oreka nola bermatzen dugun, gure industria mantentzeko eta enplegua sortzeko zer lurzoru behar dugun, etxebizitzarako sarbidea nola errazten dugun eta gure naturguneak nola babesten ditugun”.

Horrez gain, talde politikoak gaineratu du hirigintza-arloko beste gai batzuk planteatu dituela legealdian zehar, “hala nola bizitegi-garapena LIP zaharraren inguruan edo industrialdeetako industria- eta merkataritza-erabileren bateragarritasuna”; baina salatu du ez dutela “beharrezko bultzada” jaso.

Horregatik uste dute jeltzaleek beharrezkoa dela “Udalak ekimena berreskuratzea eta plangintza argi eta partekatu batekin lan egitea”. 

Ondorioz, defendatu dute HAPOk “interes orokorrari” erantzun behar diola eta, ondorioz, “ahalik eta adostasun politiko eta sozial handiena” behar duela izan.

Euren ustez, dokumentu horrek “herri-proiektu bat izan behar du, elkarrizketaz eta partaidetzaz eraikia, proposamenak aldatzeko eta hobetzeko balioko duena, eta ez izapide bat betetzeko bakarrik”.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide