Piszifaktoria Ideian Laborategiak proiektu berria dauka esku artean. Izan ere, Errenteriako Udaleko Legamia beka lortu dute eta heriotzari eta memoriari buruzko entsegua egiteari ekin diote, betiere, bizitza ospatzeko.
Gauzak horrela, astebete igaro dute Gipuzkoako udalerrian hango herritarrekin ikertzen eta laster, iragarri dutenez, beste astebetez egongo dira.
Heriotza, bizitza eta hegan egiteko gogoa
Kasualitatea, edo ez, hausnarketa berria hasi du taldeak bere kide bat zendu eta gero. Izan ere, Igor Arzuaga Gumuzio urriaren 20an hil zen.
Mikel Ayllonek azpimarratu duenez, Arzuaga ez zen laguntzailea, taldeko kidea baizik, eta zegokizkion ardurak betetzen zituen.
Horren adibide dira igande honetan eta hurrengo ostegunean izango dituzten hitzorduak. Bietan taularatuko dute Hegan egiteko gogoa da antzezlana. Sormen lan horrekin ibilbide luzea egin dute jadanik eta aurten, esaterako, Bilboko Alondegira eraman zuten.
Piezak eskizofrenia du ardatz eta modu berezian partekatzen dute publikoarekin, euren begiak estalita. Modu horretan, esperientzia sentsoriala baliatzen dute istorioa kontatzeko.
Horrela, igandean Donostiako Tabakaleran izango dira, Labo XL jaialdian, 12:30 eta 13:30ean. Ostegunean, aldiz, Azpeitiko Soreasu Antzokian, Euskal Antzerki Topaketetan, 19:30ean. Lehen emanaldiko sarrerak hemen eskura daude, eta bigarrenekoa, aldiz, hemen.
Saio guztietan entzungo da Igor Arzuaga Gumuziok propio sortutako abestia eta Iholdi Beristainek egiten duen bertsioa.