Aiaraldea Ekintzen Faktoriak haur eta familiei bideratutako jarduera berezia izango du bihar: Jostailu truke azoka. 10:30ean abiatuko dute eta helburu anitzak izango ditu egitasmoak.
Alde batetik, nola ez, umeek baliatzen ez dituzten jostailu eta panpinak eramango dituzte, beste bizitza bat izan dezaten eta jasangarritasuna zein ekonomia zirkularra sustatzeko. Bestetik, elkarrekin igaroko dute goiza giro onean eta dibertigarrian.
Gauzak horrela, 10:30ean hasiko da azoka. 12:00ak arte jostailuak utzi eta besteek lagatutakoak ikusteko aukera egongo da. Norberak utzitakoaren truke paper bat jasoko du eta horretan idatzi beharko du gogoko izan dituen jostailuen zenbakiak.
12:00etatik 12:30etara bitartean joango dira paperak irekitzen. Interesdun bat baino gehiago egonez gero, jostailua zozkatuko dute, bakarra egonez gero, berarentzat izango da.
Eta horrela helduko dira 12:30etara, hamaiketakoaren unera. 14:00ak arte egongo da irekita Faktoria eta jolasteko beta izango dute parte-hartzaileek bitartean.