Ugarteko Auzolan elkarteak 26 urteko ibilbideari amaiera eman zion atzo, azaroaren 14an, Laudion egindako agur festarekin. Auzokideekin batera ospatu zuten elkartearen azken hitzordua, urte hauetan guztietan egindako lana gogora ekarri eta ospatzeko.
Agur festak elkartearen hiru sortzaileak gogoratzeko balio izan zuen bereziki: Lauri Sanjurjo, Txema Abin eta Iñaki Gallego. Hirurak zendu dira, eta elkarteko kideek haien ekarpena aitortu nahi izan dute azken ospakizun honetan.
Egitaraua 15:00etan hasi zen, La Milagrosa ikastetxean egindako herri bazkariarekin. Arratsaldean omenaldia egin zuten eta ondoren musika izan zen protagonista: 18:00etan Jardin Inferno taldeak jo zuen eta 19:30ean, berriz, Okher taldearen txanda izan zen. Lur talde beteranoaren kontzertuarekin amaitu zen eguna.
Belaunaldi berriari lekukoa
Elkartearen jarduna amaitzeko erabakiaren atzean, antolakuntzan aritzeko gero eta kide gutxiago geratu izana dago. Ainara Ibarrondok azaldu zuenez, urteek aurrera egin ahala, gero eta pertsona gutxiago aritu dira ekimenak prestatzen, eta lan guztia lagun gutxi batzuen esku geratu da.
Hala ere, Ugarteko Auzolaneko kideek argi utzi dute auzoan hasitako dinamikak ez direla zertan desagertu. Izan ere, beste pertsona eta talde batzuk ari dira dagoeneko hainbat jardueraren lekukoa hartzen.
Atzoko festak, beraz, aro baten amaiera ekarri zuen Ugarteko Auzolanarentzat, baina 26 urtez auzoan egindako lanari aitortza egiteko aukera ere izan zen. Elkarteak bere jarduna amaituko du, baina euskararen, euskal kulturaren eta auzolanaren alde egindako bideak arrastoa utziko du Ugarten.
Argazkiak: Ugarteko Auzolana Elkartea