2022an azkenekoz ospatu ostean, Maixa eta Ixiarren doinuan dator berriro Laudioko Gazte Eguna. Suberri Gazte Asanbladak hitzordua berreskuratu eta herriko gazteak batuko ditu datorren azaroaren 21ean. Abestia eta bideoklipa argitaratu berri dute herriko gazteak deialdira animatzeko. Bexamela eta pastela abesti ezagunaren bertsioa egin dute, gazte antolakuntza aldarri.
Egun osoko egitaraua
Goizetik iluntzera luzatuko da Laudioko Gazte Eguneko egitaraua datorren larunbatean. Suberri Gazte Asanbladako kideek bi gune nagusitan banatu dute programazioa: Gaztetxea eta elizako arkupeak.
Goizean Gurdi Gaztetxean jarri dute elkartzeko hitzordua. Marianitada eta sortzaileen azoka egingo dute 11:00etatik aurrera, eta bertan egongo da eguneko ikur izango diren zapiak jasotzeko aukera ere. 12:00etan solasaldia egingo dute "autogestioaren irakaspenak eta erronkak" hizpide.
Gurdi gaztetxetik herrigunera jaitsiko den kalejira batekin mugituko dute egitaraua Herriko Plazako arkupeetara. Herri bazkaria egingo dute bertan, 14:30ean. Oraindik ere badago bazkariko txartelak eskuratzeko aukera Keska, Lio eta Ilargi tabernetan.
Jone eta Iker kontzertu akustikoak girotuko du bazkalostean eta 18:30etan Toto_zer musika jartzaile ibiltariak erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu.
Ekitaldiarekin eta kontzertuekin emango diote amaiera egunari; hauek ere elizako arkupeetan. 21:00etatik aurrera Barrrk, Berba Labanakaz eta Txanela Mj arituko dira oholtza gainetik jai-giroa luzatzen.
Autogestioa eta gazte antolakuntza
Urtarrilean zabaldu zituen Suberri Gazte Asanbladak Gurdi Gaztetxearen ateak, Gurdigile jatetxea izandakoa okupatu ostean. Ordutik igandero igandero asanbalda irekian antolatu dira gazteak espazioa "gazte antolakuntzarako arnasgune" bilakatzeko.
“Gaztetxeak arnasgune bat izan behar du, espazio seguru bat. Garaiek indibidualismora garamate, inoiz baino beharrezkoagoa dugu kolektiboan berriro ere pentsatzea”, horrela aldarrikatu zuten gaztetxearen irekiera ekitaldian.
Esan eta egin. Gaztetxean zein herrian buru-belarri lanean igaro dute azken urtea, amestutako proiektu kolektiboa gorpuzten. Orotariko jarduerak antolatu dituzte: kontzertuak, bertso-afariak, tailerrak... Barrurako lana ere gogotik egin dute ere; dozenaka auzolanean bidez abandonatutako eraikina atonduz joan dira azken hilabeteetan. Indarrak bildu eta lanean jarraitzeko baliatuko dute Gazte Eguna Suberriko kideek.