Jubilatuen Etxeko obrak eta uraren kalitateari buruzko eztabaida nagusi uztaileko udalbatzan

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko uzt. 27a, 10:49

Atzo izan zen Okondoko udalbatza. / Aiaraldea.eus

Uraren kalitateari buruzko alarmak eztabaida luzea eta sutsua eragin zuen Okondo Aurrera eta EH Bilduren artean.

Atzo izan zen Okondoko uztaileko osoko bilkura. Hainbat gai landu ziren. Horien artean, jubilatuen etxearen ingurua atontzeko proiektuari eman zioten bidea. 225.430€ bideratuko dira obretara. Zehazki, Murga enpresa arduratuko da zereginaz. "Oferta bakarra egon da", azaldu zuen Sergio Tato alkateak. Alderdi politiko guztien aldeko bozka lortu zuen egitasmoak, baina mesfidantza agertu zuen oposizioak, "enpresa bakarra aurkezteagatik". Alkatearen esanetan, ohiko bideak eta prozedura erabili dituzte deialdia zabaltzeko. "Gu ere harritu gaitu", erantsi zuen Tatok.

Uraren kontura, eztabaida korapilatsua
Eztabaida korapilatsua eragin zuen Okondoko uraren kalitateari buruzko mozioak. Alderdi politikoek  oso jarrera ezberdina agertu zuten. Okondo Aurrerak mozioa aurkeztu zuen EH Bilduren "alarma soziala" salatu eta "gezurragatik" barkamen publikoa eskatuz. EH Bilduk, berriz, berretsi egin zuen bere diskurtsoa, gertaera kronologikoetan oinarrituta. EAJk, "udal eztabaidan" ez sartzea erabaki zuen, eta osoko zuzenketarekin erantzun zion mozioari. Hala, Okondo Kantauriko Urkidetzan sartzea eskatu zuten jeltzaleek, uraren kalitatea bermatzeko neurri ona izan daitekeelakoan.

Osoko zuzenketak EAJren eta Amaia Sabadaren aldeko botoa jaso zuen, EH Bilduren abstentzioa eta Okondo Aurreraren ezezkoa. Okondo Aurreraren mozioa ere ez zen aurrera atera. Luzea eta sutsua izan zen Okondo Aurrera eta EH Bildu alderdien arteko eztabaida, elkarri gezurretan aritzea leporatu baitzieten. Hurrengo udalbatzan izango du segida gaiak, aurreratu zutenez.

Pinu eremuen enkantea
Mendi publikoaren enkantea izan zen landu zen beste gaietako bat. Tasaketak 63.000 euroko balioa eman zion eremuari. Santanderreko Maderas enpresaren eskaintza izan da onena. Gainera, aurreikusitakoa baino 50.000€ gehiago eskuratuko ditu Okondoko Udalak. EH Bilduk ezarritako prezioaren hain gainetik egotea harrigarritzat jo zuen. Gobernu taldeak, ordea, enpresaren estrategiaren parte dela iritzi du: "Agian enpresari merkatua zabaltzea interesatu zaio. Tasaketa Diputazioak egiten du. Gu onuradunak izango gara, 50.000€ gehiago jaso ditugulako enpresa honen bidez". Amaia Sadaba zinegotzi independienteak -Okondo Aurrera utzi zuen hautetsiak- erabakia babestu arren, arriskua mahaigaineratu zuen: "Pinua ateratzen hastean ez du balio atzera botatzeak, oso argi geratu behar da hori. Diferentzia hain handia izatea susmagarria da". Kezkak kezka, adostasuna izan zen nagusi bozketa garaian, udal zinegotzi guztiek aldekotasuna erakutsi baitzuten.

Herritarren galderak
Eskari eta galderen tartean herritar ugarik hartu zuten hitza. Bide garbiketen egoera izan zen aurreneko eskaera, San Romanerako errepidearen egoera, hain zuzen.

Gazte batek parkeetako utzikeria salatu zuen, "egoitza alboko parkean sekulako arrakalak daude, belarra utzia dago". Alkateak arrazoia eman zion, "gaur esleitu dugu obra hori". Aisialdi guneko proiektua garatu artean, parkea abandonatu edo atontzea baloratuko du Udalak.

Maiorgako putzua ere izan zuten hizpide. Bizilagunen esanetan "ibaia beltz doa eta ez du arrainik". Jakue Aranburu zinegotziaren hitzetan, araztegia ez dabil ondo: "2024an araztegi berria jartzeko proiektua dago. Hori da erredaktatzeko gaur onartu dugun proiektua". Auzokideek, "gehiagotan garbitzea" eskatu zioten udalari, behin behineko neurri gisa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide