Okondora iritsiko da trailaren olatua maiatzaren 12an

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 31a, 07:00

Amurrio Trail Taldeko eta Areta Traileko kideen laguntza izango dute okondoarrek. / Aiaraldea.eus

Okondo I. Traila prestatzen ari dira Ganekogorta mendi klubeko kideak. 17 kilometrokoa izango da ibilbidea eta 800 metroko desnibela izango du.

Egitasmo berria dute esku artean Ganekogorta mendi klubeko kideek. Okondo Trailaren lehen edizioa prestatzen ari dira maiatzaren 12rako. “Okondon orain arte egin ez den zerbait egitea da ekimenaren xedea”, azaldu du Justino Artok. Mendi klubeko kideak, “Bocineros Deiadar Xtreme ultratrailean boluntario gisa aritu ginen. Hori izan zen gure lehen esperientzia, eta gustuko izan genuen”.  

Trail solidarioa
Elkartasuna eta kirola uztartuko dituzte proban, Artok jakinarazi duenez. “Gure asmoa izango da dirurik ez galtzea, baina zerbait irabazten badugu Montes Solidarios elkarteari emango diogu, sekulako lana egiten baitute talde horretako kideek”.

Zirkuitu laburra
Artok aurreratu duenez, zirkuitua ez da oso gogorra izango. “Mendi martxako zirkuituaren antzekoa izango da, 17 kilometro izango ditu eta 800 metroko desnibela”. Antolatzaileen hasierako asmoa zen martxa eta traila egun berean egitea, “baina azkenean albo batera utzi genuen ideia hori, mendizaleak eta korrikalariak aldi berean aritzeak estutasuna sortu zezakeelako”.

10:00etan abiatuko dira korrikalariak Okondoko frontoitik. Klubaren webgunean jarriko dute probari buruzko informazio guztia datozen hilabeteetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide