Prentsa-ohar berria plazaratu du Okondoko EH Bilduk Itzalde abesbatzaren diru-laguntzaren harira. Udalak diru-laguntza ukatu zion abesbatzari, eskaera epez kanpo aurkeztu zuelako. EH Bilduk erabaki hori kritikatu zuen, abesbatzak egiten duen lana nabarmenduz. Udal gobernuak, bere aldetik, adierazi zuen aurreko urte batzuetan ere ukatu egin dituztela laguntzak (Ametsuts elkarteari eta Jubilatuen Klubari) arrazoi beragatik eta EH Bilduk ez duela ezer esan.
Hori gezurra dela nabarmendu du EH Bilduk, bi elkarte horiek eskatutako laguntza beti jaso dutela argudiatuta. “Horrela konprobatu daiteke dekretuetan”. Udal-gobernuak, bere aldetik, adierazi du ez duela gaiari buruzko adierazpen gehiago egingo, udal ordenantzan jartzen duena elkarte guztiei berdin aplikatu behar zaiela nabarmenduta.