Okondoko alkatea eta arkitekto ohia absolbitu dituzte, hiri prebarikazio akusazioa frogatu ez delako

Erredakzioa 2019ko mai. 22a, 16:36
Andres Alcalde, epaia eskutan duela. / Aiaraldea.eus

Andres Alcalde Okondoko alkate ohia eta Valentin Santamarina herriko udal arkitekto ohia absolbitu ditu Arabako Auzitegiko Bigarren Sekzioak. Epaileek adierazi dute bi auziperatuek ez zutela asmo txarrez jokatu epaitutako kasuan.

Maiatzean jakinarazi du Arabako Auzitegiko Bigarren Sekzioak Andres Alcalde Okondo alkate ohiak eta Valentin Santamarina udal arkitekto ohiak ez zutela deliturik egin 2008an eta 2009an etxolak eraikitzeko baimenak emanda. Gerora, balizko etxola horiek etxebizitza bilakatu ziren eta soka luzea ekarri dute, ez bakarrik justiziaren esparruan.

Printzipioz, epaiak erabaki du bi akusatuek ez zutela fede txarrez jokatu herriko 3. poligonoan saldutako zenbait lursailetan etxolak eraikitzeko baimenen onarpenean.

Epaileek azaldu dute Andres Alcaldek ez zuela inoren mesederako kudeaketarik egin, nahiz eta lursailak saldu zituen enpresaren jabeetako bat izan. Epaileen aburuz, ez zuen interes berezirik baimenetan, berak aurretik burutu baitzituen ondareen salmentak. Horrez gain, baimenek arkitektoaren oniritzia zuten.

Aldi berean, epaitegiaren ustez, arkitektoak beste hainbat kasutan bezala jokatu zuen baimenak emanda eta, gainera, ez zekien norenak ziren lursailak salmenta egin baino lehen.

Bestalde, epaileek adierazi dute ez dela frogatu Andres Alcaldek eta Valentin Santamarinak zekitenik etxola horiek etxebizitza bilakatuko zirenik. Izan ere, jabeek ez zuten horrelakorik jakinarazi eta udalak "obra txikiak" egikaritzeko baimena baino ez zien eman, hau da, etxola bana. Zentzu horretan, epaiak jasotzen du etxolak eraikitzea legezkoa zela, nekarazitzako tresnak gordetzeko izan balira.

Epaiketa, lehergailuak eta suteak
Epaiketa duela 9 urte abiatu bazen ere, gorabeheraz beteta egon da prozesua. Hasteko, Andres Alcalde dimititzera bultzatu zuten eta gero erretiroa hartu zuen, baina udalerrian gertakari ugari jaso zen kasuari lotuta.

Alkate ohiaren enpresan bi lehergailu jarri zituzten, bere autoko gurpilak zulatu eta baserria ere erre zioten. Sabotaje eta eraso zerrenda, ordea, luzea da: lehergailuak aipatutako lursailetako etxebizitzetan, tiroak udal ordezkarien autoen aurka, lehergailuak igerilekuetako tabernan...

Berez, 2015eko amaieran okondoar bati leporatu zizkioten ekintza horietako 11 eta 9 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Andres Alcalderen balorazioa
Andres Alcalde alkate ohiak Aiaraldea hedabidearekin hitz egin du gaur eta bere errugabetasuna aldarrikatu du. Alcaldek azaldu du epaitutako kasuan edozein herritarrekin bezala jokatu zuela: "inoiz ez diot inori etxola bat egiteko eskubidea ukatu, arkitektoak baimena emanez gero".

Alcaldek epaiketaren ardura Sergio Tato egungo Okondoko alkateari, EAri eta EAJri leporatu die eta herriko ordezkari nagusiari egotzi dio bere postua eta soldata nahi izatea.

Sergio Tato Okondo Aurrerako ordezkariak, ordea, ukatu du akusazioa eta gogoratu du EAren erabakia izan zela Andres Alcalde erakundetik botatzea. Horrez gain, Tatok adierazi du ez duela ezer gehiago esango, Alcalderen senideei errespetua erakusteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide