"Ez dakit zer izango litzatekeen gogorragoa, gimnasia uztea edo medikuntzarekin uztartzen jarraitzea"

Aitor Aspuru Saez 2019ko uzt. 9a, 07:02

Medikuntzako bigarren ikasturtean gimnasia egingo duen pentsatu behar du Maddi Otaolak. / M. O.

MADDI OTAOLA (Okondo, 2000) Espainiako Txapelduna izan zen iaz gimnasia erritmikoan eta aurten ere, nahiz eta gutxiago entrenatu duen medikuntza ikasketen ondorioz, garaipena lortu du, uztaia baliatuta. Horren inguruan eta bere etorkizunari buruz mintzatu da. Izan ere, kirola uztea baloratzen ari da.

Zaragozan Espainiako Txapelketan urrezko domina irabazi zenuen uztaiarekin, nolakoa izan zen txapelketa?

Oso ariketa zaila da uztaiarena, asko arriskatzen dut. Baina ondo eta txukun egitea lortu nuen. Oso pozik eta harro amaitu nuen txapelketa.

Antza, aurreko egunean pilotarekin egindako ariketa ez zitzaizun hain ondo atera, nola bizi izan zenuen hori gertatu eta hurrengo egunean irabaztea?

Gimnasia erritmikoan minutu eta erdi baino ez daukagu urte osoan egindako lana erakusteko, eta beti ez zaigu dena nahiko genukeen bezain ondo ateratzen.

Pilotarekin ezusteko akatsak izan nituen, eta sailkapeneko postuetan behera egitea eragin zidan horrek. Aparatu honekin ezin izan nituen finalak jokatu. Dena den, uztaiarekin ondo amaitzeko aukera izan nuen, eta ezin hobeto egin nuen ariketa.

Iaz irabazi ostean, espero zenuen aurten ere garaitzea? Nola bizi izan zenuen?

Ez, ez nuen espero. Aurten iaz baino gutxiago entrenatu dut eta txapelketa gutxiagotan hartu dut parte. Hori dela eta, segurtasun gutxiagorekin joan nintzen Espainiako txapelketara. Horregatik, garaitzeak are ilusio handiagoa egin zidan.



Aurten medikuntzako ikasketak eta kirola uztartu dituzu, nola egin duzu?

Iaz 20 ordu entrenatzen nuen gutxi-gorabehera astean. Aurten 10-15 ordu entrenatu dut. Asteren baten ezin izan naiz kiroldegitik agertu, ikasi behar nuelako, eta beste batzuetan entrenamendu orduak bikoiztu ditut. Azterketen araberakoak izan dira kirol-orduak.

Irakurri dugu kirola uztea pentsatzen ari zarela. Zuzenak dira informazio horiek? Zergatik?

Ez daukat batere argi zer egingo dudan. Kurtso hau gogorra izan da, kirol aldetik zein ikasketa aldetik presio handia jaso dudalako, bi alorretan ahal bezain ongi ibiltzeko.

Medikuntzako bigarren maila zailagoa izango da, eta gimnasian dudan mailak entrenamendu ordu asko eskatzen ditu. Beraz, ez dakit zer izango litzatekeen gogorragoa, gimnasia uztea edo medikuntzarekin uztartzen jarraitzea. Oraindik ez dut azken erabakia hartu.

Zer suposatuko luke zuretzat gimnasia uztea?

Erabaki gogorra da. 8 urte nituenetik daramat gimnasia egiten, deskantsu barik. Ez nago ohituta gimnasia ez egitera, eta seguru nago arraro sentituko naizela.

Dena den, badakit momentu hori iristear dagoela, eta barneratu behar dudan gauza bat da. Denbora pasa ahala ohituko naizela suposatzen dut.

Iaz Okondoko Jaien pregoilaria izan zinen, nolakoa izan esperientzia?

Oso polita izan zen. Emakume kirolarien izenean hitz egiteko aukera eman zidan, eta oso harro hartu nuen parte. Kirola eta berdintasuna indartzen saiatu nintzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide