Gaur 15:00etan udalbatza egin dute Okondon hauteskunde errolden gaia lantzeko. Okondo Aurrerak hainbat galdera prestatu ditu alkateari egiteko, baina Jon Eskuzak uko egin dio erantzuteari. Izan ere, alkateak azaldu du erroldako datuak guztiz pribatuak eta babestuak direla eta ezin direla zabaldu publikoki Pribatutasun Legea urratu gabe.
Sergio Tato Okondo Aurrerako bozeramaileak zerbait ezkutatzea eta "demokrazia engainatzea" egotzi dio alkateari. Erantzunik ez duela argudiatuta, oposizioko kideak aurreratu du epaitegira joko duela eta salaketa jarriko duela.
Hautesle Erroldaren Bulegoa
Jon Escuza alkateak Sergio Tatori erantzun dio eta aipatu du Okondo Aurrerari erraztu diola eskatutako informazio guztia. Horrez gain, azpimarratu du iruzurra egon izan balitz, Hautesle Erroldaren Bulegoak jakinarazi behar ziola udalari, hauteskundeak izan baino lehen. EAJko ordezkariak gogoratu du hori kontrol organoen lana dela eta ez dutela ezer sumatu.
Bide batez, Escuzak argitu du Okondo Aurrerak zuela garai horretan alkatetza eta ez zuela inolako salaketarik jaso bulegoaren aldetik. Gauzak hala, hauteskundeen emaitzak ez onartzea eta zarata sortzea leporatu dio alkateak oposizioko taldeari.
EH Bilduri kritikak ere
Sergio Tatok, EAJ ez ezik, EH Bildu ere kritikatu du. Jeltzaleei dagokienez, Okondo Aurrera taldeko kideak aurpegiratu die alkateak bi senide erroldatu izana bere etxebizitzan eta beste hiru herriko beste etxe batzuetan, hauteskundeak baino lehen. EH Bilduri, aldiz, hori guztia babestea egotzi dio.
Koalizioak erantzun dio Okondo Aurrerari hautesle erroldak ez direla udalbatzan eztabaidatzeko gaia eta honakoa eskatu dio: delitua gertatu dela pentsatuz gero, epaitegian salaketa jartzea.