Okondoko bizilagun bat zendu zen iragan astean koronabirusagatik positibo eman ostean. Gizonezkoa martxoaren 17an ospitaleratu zuten, koronabirusaren proba egin zioten eta positibo eman zuen. Hurrengo egunean hil zen, senideek Aiaraldea hedabideari ziurtatu diotenez.
Osakidetzak egunero plazaratzen dituen analisietan, ordea, ez da heriotza hori agertzen. Martxoaren 18koa (okondoarra hil zen egunekoa) da Osakidetzaren lehen txostena, eta bertan ez da udalerri horretan jazotako kasu positiborik agertzen, ezta hurrengo egunetakoetan ere ez. Okondoko lehen kasua gaur eguerdian argitaratu den txostenean agertzen da.
Gauzak hala, honekin hiru dira Covid-19 birusaren ondorioz eskualdean publiko egin diren heriotzak. Iragan astean Laudioko auzokide bat zendu zen, eta aste honetan herri bereko San Roke Foru Egoitzako erabiltzaile bat hil da.