Umeentzako marrazki lehiaketa abiatu du Okondoko Udalak, apirilaren 16ra arteko epearekin. Hiru kategoriatan banatuko da: 2-5, 6-8 eta 9-12 adin tarteetan, alegia. Partaide bakoitzak marrazki bakarra egin ahalko du, han bertan “Zer egiten dugu etxean ondo pasatzeko” leloa idatzita duelarik; harira, marrazkiaren gaia “Okondon etxean gaude, baina laster kalean” izango dela zehaztu dute Udaletik.
Lehiaketaren zergatia azken asteetan izaten ari den konfinamendua izan da, eta kategoria bakoitzeko irabazlearentzako eta bigarrenarentzako sariak banatuko dira, eskola materialean 50 eta 40 euro, hurrenez hurren. Marrazkiak aokondo.sac@ayto.araba.eus helbidera bidali beharko dira haurraren izena, abizenak, adina, email bat eta telefono bat gehituta.
Ekimen berriak
Ekintza horretatik aparte, beste batzuk antolatzeko asmoa ere adierazi dute udaletik, eta ipuin edo bideo lehiaketa bat egiteko ideiak aztertzen ari dira. Azkenik, umeen jarrera goraipatu nahi izan dute, “gai honetan pixka bat ahaztuak baitaude”.
Era berean, garai honetan urtebetetzea ospatuko duten umeak zoriontzeko ekimen bat abiatu dute, udalerriko boluntarioen laguntzarekin. Horretarako, ezinbestekoa izango da gurasoak edo tutoreak aldez aurretik udalarekin kontatuan jartzea, 945 898 023 (lanegunetan) eta 618 481 044 (asteburu eta jai egunetan) telefonoetara deituta, edo aokondo.udala@ayto.araba.eus helbidera mezua bidalita.