KRISTINA IZAGIRRE

"18 lagun bildu gara jostun taldean maskarak boluntarioki egiteko"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko api. 13a, 14:04

Kristina Izagirre Gilsanz, maskarak josten. / K.I.G

KRISTINA IZAGIRRE GILSANZek sustatuta (Okondo, 1975), herritarrentzat maskarak egiten hasi dira Okondon. Farmazian, estankoan eta okindegian jasotzen dabiltza oihalak babesgarri bihurtzeko.

Maskarak egiteko ekimena abiatu duzue Okondon. Nolatan?

Lagunen artean tinte naturalak eta josteko ekintzak elkarbanatzeko talde bat dugu. Hainbat tokitan maskaren ekimenak abian ipintzen ari zirenez, laguntzeko aukera bat zela ikusi genuen. Algortako talde baten kontaktua pasatu zidaten. Gasteizko taldearekin eta Algortakoekin hasteko asmoa nuen, baina Okondon bizita zailtasunak nituen materialak lortzeko. Horregatik, auzokide bati komentatu nion, eta beste lagun batekin abiatu genuen ekimena, Ainhize, Olaia eta hiruron artean.

Beste herri batzuetako eredua ekarri duzue Okondora.

Bai. Gasteizen jende dezente daukate josteko prest, eta Algortako Himakapeko lagunek, nire herrian egitera animatu ninduten. Nik jostea nahi nuen, baina horretarako beste mila zeregin zeudela ohartu ginen: komunikatiboki zabaldu behar zen ekimena eta, beste lan batzuen artean, horretan aritu dira Ainhize eta Olaia. Horrela hasi ginen duela bi egun, eta sekulako taldea lortu dugu: 18 pertsona gaude josteko prest Okondon. Gasteiz eta Algortako jostun taldeak izan dira gure eredu.

 

Zein da ekimenaren helburua?

Herritarrak laguntzea eta zaintzaren ardura hartzea. Esan bezala, ingurukoekin partekagarria den ekimena abiatzeko gogoa nuen, etxean egonda zerbait egin dezakegula iruditzen zitzaidan. Denbora gutxi daramat Okondon bizitzen eta niretzat aukera oso ona izaten ari da herriko jendea ezagutzeko, esaterako. Bestalde, guztiok egin dezakegu zerbait gure burua eta ingurukoak zaintzeko.

 

"Herritarrak laguntzea eta zaintzaren ardura hartzea da ekimenaren helburua. Guztiok egin dezakegu zerbait gure burua eta ingurukoak zaintzeko"

 

Maskaren inguruan, teoria asko daude. Zein da zure iritzia?

Ez dago teoria argirik. Argi dagoena da, ardura puntu bat dugula, eta babestea ezinbestekoa dela. Maskarekin ateratzeko eskatzen badigute, gure inguruko jendearen laguntzaz denek babesgarriak izatea lor dezakegu. Askorentzat, lasaitasuna eta babesa sentitzeko modu bat da maskara egitea edo jasotzea. Polita da ikustea jendeak erronka gisa nola hartu duen besteei laguntzea.

Materiala nondik lortuko duzue?

Kartelak jarri ditugu herrian bilketa egiteko. Materialen artean oihala da eskatu duguna, kotoiduna. Zintak, hariak eta orratzak beharko ditugu, baina dendak ez daude irekita orain. Herriko mertzeriak duen materiala eskaini digu eta era falta dena biltzeko modua bilatu behar dugu.

 

"Askorentzat, lasaitasuna eta babesa sentitzeko modu bat da maskara egitea edo jasotzea. Kartelak jarri ditugu herrian bilketa egiteko. Materialen artean oihala da eskatu duguna, kotoiduna"

 

Zeintzuk dira maskarak sortzeko prozesuan bermatu beharreko neurriak?

Jasoko dugun materiala kutsatuta egon daike. Beraz, ordu batzuk egon behar da ukitu gabe. Gero garbitu egin behar da eta josteko prest legoke. Behin patroiarekin maskara sortuta, prest dago banaketarako. Maskara erabili aurretik, lixibarekin utzi behar da, edo 65 gradu ingurutan egosi. Gasteizko eredua jarraitzen ari gara. 

Laguntza ugari jaso duzue herritarren aldetik, ezta?

Bai. Momentuz jostun taldea sortu dugu, eta kartelen bidez iragarri dugu material bilketa. Apuntatu den jendearen artean batzuk jostunak dira, eta beste batzuk zaleak. Whatsapp talde bat egin dugu komunikatzeko, laguntzeko prest dagoen jendearekin eta oso giro ona sortu da. Udalak larrialdi egoerarako partida bat duela esan digu, eta alkateak laguntzeko prestutasuna agertu du. Saiatuko gara ahal den guztia herrian bertan lortzen.

Nola eskatu edo jaso ahalko dira maskarak?

Oraindik hitz egiteko dugu hori. Momentuz herriko komertzioetara hurbildu gura ditugu langileentzat. Ez dute %100 babesa ziurtatzen, baina osagarri izan daiteke. Herritarrentzat materiala iritsi arte denbora pasako da, eta gure maskarek berrerabilgarritasuna dute (garbitu daitezkeelako), beraz, langile zein herritarrentzat bateragarriak izan daitezke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide