Okondoko Osasun Zentroa berriro irekitzea eskatu dio Osakidetzari Jon Escuza alkateak, osasun sailak azpiegitura hori itxi eta hango profesionalak Laudioko anbulatoriora bidaltzea erabaki zuelako koronabirusaren krisia piztu zenean.
Escuzak ohar batean adierazi duenez, herriko zentroa ixteko erabakiak ondorio lazgarriak izan ditu Okondoko biztanleentzako: “Osakidetzak hartu zuen neurriak ondorio negatiboak eragin dizkie gaixotasun onkologikoak dituzten auzokide askori, adinekoei eta hainbat patologia dituztenei, Laudioko osasun zentrora joan behar izateagatik kutsatuta daudelako”.
Beraz, eskualdean kutsatzeek izan duten bilakaera ikusita eta, "biztanleen ongizatea eta osasuna zaintzeko”, zentroa berriz irekitzea eskatu du gobernuburuak.
Alarma Egoerak iraun bitartean, zentroa astean bi egunetan erabilgarri jartzea da alkatetzak plazaratutako asmoa, “Okondoko arrisku-herritarrei eta sor daitezkeen lehentasunezko kontsultei erantzuteko”.
Azkenik, herriko gobernu-taldeak lanean jarraitzen dutela gehitu du Escuzak, hainbat ildo soziosanitariotan batez ere. “Datozen asteetan” ildo horiek zehazten joango direla gehitu du Eskuzak, “uneoro pertsona ahulenei arreta eskainita betiere".