Duela hilabete eskas sortu zuten Okondon jostun sarea, birusari aurre egiteko maskarilla berrerabilgarriak ekoizteko.
Material bilketa abiatu zuten segidan, eta hala osatu dituzte iragan astetik okondoarren eskura daude 150 maskarak. "75 maskara utzi ditugu farmazian, eta beste 75 udaletxean. Horrez gain, umeentzat 11 prestatu eta banatu ditugu gune bakoitzean", adierazi du Ainhize Hernandez kideak.
Laguntza eskatu zuten, eta erantzun ona izan du deialdiak: "Material bilketa ondo joan da, eta hori eskertu nahi dugu. Oihal gehiago izatekotan, hartzen jarraituko dugu, ahal den heinean potoloa". Bestalde, udalak hariak eta gomak erosteko "diru apur bat" eman die.
Maskarekin batera informazio orria ematen ari dira, Ugaoko sarearen bidez jasotako ekimena herrira hurbilduta. Bertan azaldu dute nola erabili behar den maskarilla.
Nola erabili behar da maskarilla?
Eskuak ondo garbitzea da lehenbiziko pausoa, ura eta xaboiaz. Ondoren, maskara ahoa eta sudurra estaltzeko moduan jarri behar da, "aurpegi eta maskararen artean tarterik ez dagoela egiaztatuta".
Babes gailua ipinita, aurpegia ahalik eta gutxien ukitzeko gomendioa luzatu dute, eta maskara kentzean atzetik egitea, "aurreko aldea ukituko bazenu, eskuak xaboiaz ondo garbitu".
Maskarak nola desinfektatu
Maskararen barneko iragazkia kendu eta botatzea da lehenbiziko urratsa, eta ondoren desinfektatzea. Horretarako garbigailuan 60 gradu edo gehiagora jarri behar da, eta gero lixiba uretan 15 minutuz irakiten utzi. Lehortzen utzi ostean, tenperatura altuan lisatu behar da.