Okondo Aurrerak aurtengo udal aurrekontuak kritikatu ditu ohar baten bidez, aurreko urteetako antzeko aurrekontuak direla argudiatuta, “normaltasun egoerako aurrekontuen antzekoak”. Hortaz, okondoarrek hurrengo hilabeteetan zehar ez dutela normaltasun egoerarik izango adierazi dute, osasun krisia zein krisi ekonomikoa dela eta.
Era berean, “beste herri batzuek jaiak suspenditu eta diru hori laguntzetara bideratu den bitartean”, Okondon jaietarako partidak aprobatu direla gehitu dute. Beste ekintza batzuetarako dirua ere aprobatu dutela kritikatu dute, piszinen eta udalekuak kasu, “aurreko urteetako baldintza berdinetan, egoeraren inolako analisirik egin gabe”.
Ordura arte COVID-19ak eragindako kalteetarako 7.650 euroko partida soilik aprobatu dela nabarmedu dute Okondo Aurrerako kideek, eta iradoki dute diru hori “eskasa” dela eta udal gobernuak “errealismo falta” duela. Horren harira, zehaztu dute ez dakitela kopuru horretatik zenbat erabili den jada eta zenbat dagoen erabiltzeke. Hortaz, Okondoko saltoki eta autonomoentzako laguntzak areagotzea eskatu dute, baita arreta sozialeko sistema indartzea ere, “inor atzean ez geratzeko”.
Bestalde, administrazio laguntzaile berri baten kontratazioa ere kritikatu dute opozisioko taldeko kideek. Euren aburuz, lanpostu horren sorrera ez da “momentu honetan herriak behar duena”, mantenuko langile bat gehiago behar dela uste baitute eta, krisi ekonomikoa dela eta, nabarmendu dute herriaren beharren analisi global bat dela lehenik eta behin egin beharko litzatekeena.