HAIZEA OTAOLA USIA

"Kortinek eta gaztainak garrantzia handia izan zuten Okondon, horregatik nahi dugu eraikitzea monumentua"

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 16a, 13:40

Haizea Otaolak Okondoko bazterrak ikertu ditu. / Aiaraldea.eus

HAIZEA OTAOLA USIA (Okondo, 1994) ingurumen zientzietan graduatua da. Okondoko natur ondarea ikertu du, eta egitasmoa aurkeztu du udalean zein herritarren aurrean, "Okondoko bazterretan sakonduz" hitzaldiaren bidez.

Okondoko bazterrak ikertu dituzu. Nolatan?

2016an Okondogoienako lagun batek esan zidan herrian bazirela zuhaitz batzuk bereziak zirenak. Erakutsi egin nahi zizkidan, eta horrela hasi zen dena. Tamainagatik, formagatik eta istorio xelebreak zituztelako ziren bereziak, eta okondoarrek ezagutu behar zituztela iruditu zitzaigun.

Hasieran bi elkartu ginen, baina basozainak lagundu gaitu bere ibilgailuekin tokietara joaten. Kortinen azterketan, bestalde, 5-6 pertsona aritu gara.  

Nondik datorkizu ikerkuntzarekiko zaletasuna?

Ingurumen Zientzietako gradua bukatu nuen 2016an, eta ondoren irakaskuntza masterra egin nuen. Urte eta erdi eman nuen Ingurumen Kontsultari gisa lanean, eta gero Eusko Jaurlaritzako beka baten bidez Argentinan igaro nituen 6 hilabete hegaztiak ikertzen. Geroztik irakaskuntzan nabil, baina denbora librean egin dut "Okondoko bazterretan sakonduz" lana.

Zertan dago oinarrituta "Okondoko bazterretan sakonduz" ikerlana?

Herriko ondarea mapetan zehaztu dugu, zuhaitz horiek geolokalizatu ditugu, eta espezie bakoitzaren informazioa bildu dugu (perimetroa, altuera, altitudea edo bestelako informazioa). Iaz erabaki genuen zuhaitzen lana osatzea Okondoko iturri zaharrak, karobiak eta kortinak edo kirikiñausiak bilduta. Guzti horien geolokalizazioarekin datu basea sortu dugu, aplikazio baten bidez. Helburua herriko jendeak ordenagailu, telefono edo bestelako euskarrien bidez informazio hori guztia jasotzea da, toki bereziak non dauden identifikatu eta bertaratzeko aukera izateko.

“Okondoko karobi bat oso berezia da, egitura handikoa baita”

Nolako prozesua izan da datu basea sortzearena?

Datu basea interpretatzen jakin ezean alferrikakoa da. Horregatik herrian zehar ibilbideak proposatu nahi ditugu, eta modu horretan ikustea haritzak, pagoak, karobiak, iturriak, kortinak... Hori da hitzaldian aurkeztu genuena, mapa digitala.

Mapa digitala eskura dago? 

Ez, oraindik pribatuan daukagu.  Baina espero dugu gutxi barru herritarrek informazioa eskura izatea. Arabako Katastroaren arabera inguruak hartzen duen izena ere jaso dugu.

Tokiko istorioak ere jaso dituzue. Zeintzuk?

Atxondoko haritza berezia da, emankortasunarekin lotua baitago. Herriko jendeak (eta ingurukoak) hurbiltzeko ohitura zuen umedun geratzeko. Hori, inguruko beste zuhaitzek baino lehenago botatzen zituelako hostoak gertatzen zen, 15 eguneko aldearekin. Badirudi, zuhaitza ikustera joan eta umea izan zutela batzuek. Horren inguruan istorio asko daude. 1990eko hamarkadan zuhaitz horren inguruko jaia ospatzen zen, arbolaren bueltan erromeria egiten zuten: bazkaldu, dantzatu... Gaur egun, galdua dago festa.

Okondoko ohiturak ere landu dituzue, beraz. Herritarren parte hartzea izan duzue horretarako?

Bai, bizilagunek esan dizkigute kontu asko. Hala ere, zenbait istorio argitaratuta daude, Atxondoko haritzarena bezala. Herritarrek aipatutakoaz gain, aldizkarietan ateratakoa erabili dugu. 

Karobiak dira beste ardatzetako bat. 

Bai, Okondon karobi nahiko topatu ditugu, baina bat oso berezia da, egitura handikoa baita. Zerotik altxatutako eraikuntza da, oso handia eta oso berezia, hemen inguruan ez baitugu horrelakorik aurkitu. Aurkezpenean argazkiak erakutsi genituen, jabego pribatuan baitago karobia. Gipuzkoan bada horrelakoren bat, eta gure asmoa da -proiektuak aurrera jarraitzekotan- herriko jendeari edo umeei karobiak nola funtzionatzen zuen erakustea eta piztea. Lehen nola egiten zuten lan ere erakutsi nahi dugu.

Iturriei ere egin diezue tokia. 

Basoko elementuak dira ardatza: zuhaitzak, iturriak, kirikiñausi edo gortinak... Okondon basogintzak ustiapen handia du. Orain arte pinuak izan dira nagusi, baina orain eukalipto asko daude. Zuhaitzekin batera ingurua ere botatzen dute, horregatik nahi ditugu identifikatu elementu guztiak; basozainak kontserbatu beharreko ingurua jakiteko, edota lurra mugitzekotan hor zerbait egon izan dela jakiteko. Izan ere, iturria zegoen tokian zuhaitzak bota dituzte, eta desagertu egin da azpiegitura hori ere. Urteak aurrera joan ahala, dena botatzen jarraitzen da, baina ez da kontserbatzen lehen zegoena. Helburua ez da iturriak non dauden ikustea, kontserbatzea baizik. 

Zenbat elementu jaso dituzue guztira?

Zuhaitzen hainbat espezie daude: haritzak, arteak, gaztainondoak, pagoak, gorostiak... Karobi eta iturri kopurua ezin dugu esan, zenbait gune pribatuak baitira, edo sastrakaz beteta daudelako... Karobi eta kortinen kasuan Okondokoak eta Aiaraldekoak hartu ditugu aintzat (Luiaondokoak, Ermualdekoak, Gordexolakoak...). 

Zer dira berez, kortinak?

Kirikiñausiak dira, gaztainak biltzeko erabiltzen ziren harrizko egiturak. Orozkon, festa egiten dute horrekin. Okondon kortina hitzarekin ezagutzen da, horregatik da berezia, beste toki batzuetan ez baitugu jaso izen hori. Nik duela urte gutxi arte ez nekien kortinak zer ziren, nahiz eta gure mendietan asko egon.

“Okondotik ibilbideak proposatu nahi ditugu, elementu horiek bilduko dituztenak”

Monumentu bat sortzeko proposamena egin duzue. 

Maiatzean aurkeztu genuen udaletxean kortinaren maketa bat, lagun batek egina. Maketa sortu genuen Okondon monumentu bat jartzeko ideiarekin, eta udal ordezkariei gustatu egin zitzaien. Alabaina, koronabirusaren kontu honekin geldi dago uneotan dena, lehentasuna beste gauza batzuei eman dietelako. Alkateak aurrera eramateko prestasuna agertu zuen, behintzat.
Guk mendiko jakintza luzatu nahi diegu okondoarrei, baina herriko elementu bereziak ere hartu nahi ditugu kontuan. Kortina ikustea erraza da, baina mugikortasun arazoak dituenak ez du bertaratzerik. Horregatik nahi dugu monumentua egin, jendeak gaztainak izandako garrantzia balioan jartzeko. Azken finean, Okondoko gaztaina ere Europara eramaten zen, eta horri esker jaten zuten ere hemengo baserritarrek. 

Zer lortu nahi duzue ikerketa honekin?

Bereziki, 2016an abiatutako proiektua ordenagailutik ateratzea. Nik datu asko ditut, baina jendeak ezagutzea nahiko nuke. Okondotik ibilbideak proposatu nahi ditugu, elementu horiek bilduko dituztenak. Guztiak txertatzea ezinezkoa da, baina gauza bereziak ezagutzeko ez da urrunera joan behar. 

Informazio panelak, bisita gidatuak... ideia asko ditugu. Ez dakigu denak garatuko diren, baina gutxienez ezagutzera eman nahiko genuke Okondoko ondarea.

Gabonetan 2 hitzaldi egin zenituzten. Nolako harrera izan du egitasmoak?

Oso ona. Aurkezpenean interes handia azaldu zuten herritarrek, amaieran jende asko hurbildu zitzaidan informazio eske. 17:00etan egin genuen euskaraz, eta 18:00etan gazteleraz. Aretoa bete egin zen bi saioetan. Aforoagatik 20 lagun egon zitezkeen bakarrik, eta Kultura Etxeko beheko aretoan pantaila eta proiektorea jarri genituen, ekintza jarraitu ahal izateko. Oso ondo egon zen.  Momentuz mapa ez dago bukatuta, eta ez da publikoa, eguneraketa beti beharko du eta. Udaletxearekin egitasmoa adostean ekingo diogu zabalpenari. 

Zergatik sustatu beharko litzateke tokiko ondarea edo ingurumena?

Nagusiki, bertako lur eremu gehienak pribatuak direlako, eta ustiapenerako erabiltzen direlako. Mantentzea oso inportantea da, eta ezagutza zabaldu egin behar da. Okondora, gainera, jende gazte asko etorri da bizitzera. Hemen egiten dute lo, baina beste herri batzuetan egiten dute bizitza. Mota honetako proiektuekin herria beste modu batean ezagutu edo bultzatzen da, eta inguruko jendeak ere Okondo ezagutu dezake. Okondo ez da errepide batek gurutzatzen duen herri soila, gauza berezi asko ditu.

Zure kasuan, zerk harritu zaitu gehien?

Okondon horrenbeste elementu garrantzitsu egoteak, ez nuen espero. Batzuk, gainera, oso politak dira, eta oso kontserbazio egoera onean daude. Hitzaldiak eskaini ostean, okondoarren interesak ere asko motibatu nau.

Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei, zentzu horretan?

Gure ideia proiektuarekin aurrera jarraitzea da. Ondo joanez gero, nahiko genuke bizilagun guztiek hartzea parte proiektuan, euren interes edo ezagutzarekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide