KRONIKA

Berdintasuna kirolean, zelai zatitua

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 6a, 09:12

Okondoko emakume kirolariekin solasaldia antolatu zuen Udalak urtarrilaren 14an Kultura Etxean. Olaia Otaola triatleta eta futbolari ohiak, eta Geraxane Ussia atletak euren bizipenak eta gogoetak partekatu zituzten. 

Emakume izateak baldintzatzen al du kirol jarduna? Eta kirol munduaren egungo egiturak, emakumeen bizitza? Okondoko emakume kirolariekin hitzaldia eskaini zuen Udalak hilaren 14an. Geraxane Ussia korrikalaria eta Olaia Otaola futbolaria aritu ziren hizlari, Aiaraldea Komunikabideak gidatutako solasaldian. Herri berean bizi izanagatik, bizipen eta ikuspegi ezberdinak azaleratu zituzten bi kirolariek.

Geraxane Ussia  8 urterekin hasi zen kirola egiten. Krosarekin ekin zion, eta abiadura probetan zentratu zen gero, "gustukoago nuen eta emaitza hobeak lortzen nituen". 16 urterekin hasi zen goi mailan lehiatzen, Espainiako federazioarekin: "Ibilbide luzea egin dut. 2016.urtea izan zen onena niretzat: Europako txapelketan izan nintzen, eta Brasilen aurreolinpiada probetan postu batengatik ez nuen lortu Olinpiadetarako sailkatzea. Erreleboka Espainiako marka haustea ere lortu genuen kasik... Urte berezia izan zen niretzat". Atletismoa oso onuragarria izan zaio, horregatik, 35 urterekin jarraitzea erabaki du, amatasunagatik geldialdia burutu eta gero. "Ez dut helburu gisa datarik, baina udako pista eta lasterketetan lehiatu nahiko nuke".

Olaia Otaola, aldiz, kirol gehiagotan aritua da: karatea, hockeya eta futbola uztartu ditu orain arte. Egun, baina, triatloirako prestatzen ari da: "Nik batez ere kirola praktikatzen gozatzen dut. 2015ean, Ugaoko futbol taldean nenbilela, lorpen asko eskuratu genituen, Euskal Ligara igotzea kasu". Aurrez, Amurrioko Kaskagorri taldean aritu zen Otaola, "guk sortu genuen Amurrioko nesken taldea". Koronabirusak eragindako pandemiak, ordea, nabarmen baldintzatu du bere jarduna. Horregatik erabaki zuen triatloia frogatzea, aspalditik zuen gogoa eta. Martxoan izango du bere lehen debuta, "birusak eman dit behar nuen bultzada triatloian sartzeko. Futbolean irailean beharrean orain hasiko dira entrenatzen, martxoan hasiko da denboraldia".

Gaztaroan eta ikasketa garaian, emakume askok uzten dute kirola kolektiboki praktikatzeari. Otaola eta Ussiaren kasua ez da hori izan: biek jarraitu dute lehiatzen. "Nire kasuan ikasketak, lana eta kirola uztartu izan ditut", adierazi du Geraxane Ussiak. Kirolak askatasuna eman dio Olaia Otaolari, erantsi duenez: "Nire kasuan, ikasketa garaian emozioak eta egoerak kudeatzen lagundu dit kirolak, azterketekin agobiatuta nengoenean batez ere. Nire buruak klik egiten zuen eta etxeratzean lasaiago nengoen, hobeto ikasten nuen". 

Parekidetasunik ba al dago kirol munduan? Praktikaren arabera, ezberdina da egoera. "Lehen sariak ezberdinak ziren, baina orain ia berdin gaude", zehaztu du ussiak. Futbolean, aldiz, balantza desorekatua dago: "Amurrion, adibidez, nesken taldea guk sortu genuen, eta beti sentitu gara baztertuta. Euskal Ligara igo ginenean ere, ekonomikoki dirua galtzen nenbilela sentitzen nuen. Ziurrenik, gizonezkoa banintz, dirua irabazten nengoke". 

Kirolean berdintasuna lortzeko emandako pausoak eta falta direnak aipatu zituzten bi kirolariek, besteak beste

Edozelan ere, kirolak asko eman die biei. Geraxane Ussiari "bizitza" piztu dio: "Egunero joaten nintzen Durangora entrenatzen, astean 5-6 egunez. Momentu on eta txar guztiak oso positiboak izan dira, asko ikasi eta lortu dut". Bat dator Olaia Otaola ere, "bizimodua da azkenean, eta asko laguntzen du". 

Eta kendu? Zer galdu dute emakume kirolari izateagatik? "Plan asko sakrifikatu ditut", dio Ussiak, "lan eskaintzak eta oporrak utzi behar izan ditut lasterketa edo kontzentrazioengatik. Hala ere, hori banekien, eta sakrifizio horrek handitu egin nau, positiboki bizi izan dut". Partiden ordutegi "desaproposak" ditu gogoan Otaolak zentzu horretan, "planak eta bidaia aukerak asko mugatzen ditu. Dena den, azkenean, lortzen dena hain da handia ez duzula horretan pentsatzen, onura gehiago ditu galerak baino".

Okondon bizi dira bi kirolariak. Azpiegitura eta baliabide eza dira beraien arazo nagusia kirolari moduan. "Kirola egin nahi duenak beste herrietara mugitu behar du", azpimarratu du Ussiak. Okondon kirola eskolaz kanpoko ekintzetan sustatzeko beharra nabarmendu dute biek ala biek, nahiz eta azken urteetan kirol jarduera eta frogak ugaritu diren udalerrian. 

Sexu bereizketak

Generoak kirol praktika bereizten al du? Sariak, frogak eta diru-laguntzak orekatuta daude atletismoan Ussiaren iritziz. "Emakume izateagatik ez naute inoiz baztertu". Futbolaren bestelako egoera bizi dute, Otaolaren esanetan: "Duela gutxi greba egin zuten goi mailako emakume futbolariek lan hitzarmena duintzeko, eta zerbait lortu zuten, gutxienekoa bada ere. Suposatzen da orain -etorkizunean- Gizarte Segurantzan kotizatuko dutela". 30 urterekin futbola uzten duen emakume jokalariaren kasua jarri zuen mahaigainean Otaolak: "400 euro baino ez dituzu jasotzen, bizitza osoa goi mailan lehiatzen eman ostean, ikasten eta beste lanekin uztartzen, miseria bat kotizatzen, edo egunero birritan entrenatzeko esfotzu oso handia egiten". Aldiz, gizonezkoa balitz Otaolak garbi du sekulako dirutza jasoko luketela lan beragatik.

Oso bizipen ezberdinak plazaratu zituzten Okondoko bi bizilagunek. Olaia Otaolak fubolean emakume izateagatik pairatutako desberdintasun guztiak nabarmendu zituen. Geraxane Ussiak, aldiz, atletismo mundua parekideagoa dela azaldu zuen

Hedabideetan emakumeen kirol emaitzak pixkanaka agertzen ari direla-eta, baikor daude biak, "agian 100 urte barru trataeran berdintasuna ikusiko dugu". Zehaztu zutenez, sariak eta aitortzak aurrera egiten laguntzen dute, motibazio aldetik nagusiki. Erreferenteez galdetuta, ostera, ez dute ez batak ez besteak eredurik jarraitu. 

Bestalde, emakume kirolariak gehiago izateko, txikitatik jasotako heziketa jarri behar da kolokan Otaolaren ustetan: "Alua izateagatik jolas edo kirol batzuetara bideratzen gaituzte txikitatik; normalean psikomotrizitate aldetik mugatuak direnak. Hezkuntza sistemako eta familiako heziketa aldatu behar dira". Kirola praktikatzearen garrantzian egin zuen azpimarra Ussiak: "Mugitzea osasuna da gorputzarentzat eta buruarentzat. Ahal duzuen heinean kirola probatu edo egin". Horretarako baliabide berak eskaini eta bermatu beharko lirateke, Otaolaren aburuz.

Norberaren kirol jardunetik begirada altxatuta, parekidetasuna lortzeko gakoekin itxi zuten Okondoko solasaldia: "Hezkidetzatik sustatu behar da kirola. Aukera berdinak eskaini behar dira umetatik eskolan zein hortik kanpo. Horrez gain, ikusgarritasuna inportantea da: umeek bere inguruko kirolariak ezagutzea, eta erreferente gisa emakumeak ere izatea. Horrekin batera, etxean ere haurrak kirola egitera bideratzea lagungarria izan daiteke". Berdintasunaren joko-zelaian, jauzi berriak beharrezko direnaren adierazle.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide