Lokal publikoen erabilerak eta uraren horniketak eztabaida garratza eragin zuten Okondoko udalbatzan

Aitor Aspuru Saez 2021ko abe. 2a, 17:54

Migraziorako Euskal Itun Soziala onartu du Okondoko Udalak. / Aiaraldea.eus

EAJk eta EH Bilduk alde batetik, eta Okondo Aurrerak bestetik, eztabaida beroak izan zituzten iragan astean egondako udalbatzan. Erabilera publikoko lokalen araudi berria eta ur horniketa egon ziren talkaren erdigunean.

Azaroaren 25ean, iragan asteko ostegunean, izan zen Okondoko Udal Osoko Bilkura eta tokiko erakundean nagusi den giro tenkatua islatu zen berriro alderdien artean. Lasaitasun une bakarra izan zen Migraziorako Euskal Itun Soziala babesteko argazki kolektiboa, hasieran egindakoa. Hortik aurrera, gatazkak hartu zuen udalbatza.

Hasteko, lokal publikoen erabilerarako araudi berriak ekarri zuen talka. Sergio Tato Okondo Aurrerako bozeramaileak leporatu zien EAJ eta EH Bilduri elkarteak kontrolatzeko joera izatea eta kritikatu zuen 21:00etarako lokalak itxita egon beharko direla: "Pandemiaren ostean, sozializaziorako tokiak dira eta oztopoak baino ez dituzue jartzen".

Eneritz Alonso alkateorde jeltzaleak erantzun zuen horrelako araudiak oso arruntak direla eta lokal publikoen erabilerak irizpide argiak izan behar dituela. Horrez gain, gaineratu zuen herriko elkarte guztiekin jarri zirela harremanetan testua partekatzeko eta euren zuzenketak biltzeko: "Inork ez du esan itxiera ordua txarto iruditzen zaionik".

Hitza hartu zuen bigarren aldiz Okondo Aurrerako buruak eta galdetu zion gobernu taldeari ea txartela sistema -erabili behar dena azpiegitura publikoetan sartu eta irteteko- gazteen lokalean ere instalatuko duten. Udal Gobernu Taldeak azaldu zuen ezetz: "Eraikin hori eraitsiko da, hortaz, ez dauka zentzurik garestia den sistema jartzea. Hala ere, gazteek arauak bete beharko dituzte, gainerako elkarteek bezala".

Ur horniketa

Hautsak harrotu zituen beste puntua ur horniketarena izan zen. Okondo Aurrerak mozioa aurkeztu zuen azaroaren 4tik 8ra bitartean udalerriko ura ez zelako egokia izan, uhertasunaren ondorioz. Horren ondorioz, taldeak eskatu zuen, arazoak konpondu ez ezik, hiruhileko faktura ez kobratzea herritarrei, herriko auzo batean egin bezala aurretik.

Bere jarrera eta botoa azaldu baino lehen, Jon Escuza alkateak hartu zuen hitza eta azaldu zuen ura kudeatzen duen enpresak aurkeztutako txostena. Escuzak aipatu zuen uraren itxura txarra bazen ere, enpresak egindako neurketen arabera, edangarria zela, kloroaren presentzia egokia baitzen.

Oposizioak leporatu zion enpresak ez zituela neurketak egun guztietan egin eta, hortaz, ezin zuela ziurtatu egun orotan uraren kalitatea onargarria izan zenik.

Zentzu horretan, alkateak argudiatu zuen lehen egunetan Hidrocontrol enpresak ez zuela hori egin, arazoa konpontzeko ahaleginetan zentratu zelako.

Hori dela medio, udal gobernu taldeak Okondo Aurreraren mozioaren aurka bozkatu zuen. Oposizioko taldeak egotzi zien EAJ eta EH Bilduri modu diskriminatzailean jokatzea, aintzat hartuta San Roman auzoko herritarrek ez zutela hiruhileko bat ordaindu, horniketa gabeziak izan zituztenean.

Jon Escuza alkateak argitu zion Aiaraldea Komunikabideari bi kasuak ezin direla alderatu: "Azaroan gertatutakoa 4 eguneko arazoa izan da. San Romanen, aldiz, ia hiruhileko erdiz ezin izan zuten ura kontsumitu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide