Ordezkari politikoen jokabidea arautzeko kodea onartu du Okondoko Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 5a, 16:00

EAJ eta EH Bilduk bozkatu dute testuaren alde.

Bizitza instituzionala arautzeko Jokabide Kodea onartu du Okondoko Udalak. Tokiko ordezkariek jarraitu beharreko printzipioak jasotzen ditu testuak, errespetua eta gizon eta emakumeen arteko "egiazko berdintasun eraginkorra" bermatzea helburu. EAJ eta EH Bilduren botoek atera dute aurrera dokumentua. Okondo Aurrerak, ordea, kontra bozkatu du.

Ordezkari politikoek jarraitu beharreko Jokabide Kodea onartu zuen Okondoko Udalak 2021ko azken Udal Osoko Bilkuran. Kodeak eguneroko harreman politikoetan tokiko ordezkariek jarraitu beharreko printzipio eta balioak jasotzen ditu, baita hauek praktikan jartzeko konpromiso zehatzak ere.

Testuaren onarpenak azken Udal Osoko Bilkura eta batzordeetan bizitako eztabaida garratzei eta salatutako erasoei erantzuten die. Aiarako Kuadrillako berdintasun arduradunek proposatu dute testua.

EAJ eta EH Bildu udal taldeen botoei esker onartu zuten kodea. Okondo Aurrera taldeak, ordea, honen aurka bozkatu zuen.

Errespetua eta berdintasuna

Bi printzipio nagusik ardazten dute Okondoko Udalak onartutako jokabide kodea: errespetua eta berdintasuna. Errespetuari dagokionean, Okondoko ordezkari politikoek herritarrak, langile publikoak eta gainerako ordezkariak begirunez tratatu behar dituztela jasotzen du testuak, nonahi daudela ere.

Bestalde, emakume eta gizonen "berdintasun eraginkorra bermatzea" du helburu kodeak. Horretarako honako printzipioen baitan jarduteko beharra azpimarratu dute Okondoko Udaletik: "tratu-berdintasuna, aukera-berdintasuna, aniztasun eta desberdintasuna errespetatzea, genero-ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuaren araberako rol eta estereotipoak ezabatzea, ordezkaritza orekatua eta koordinazioa eta lankidetza".

Udal Osoko Bilkura eta batzordeetan bizitako eztabaida garratzei eta salatutako erasoei erantzuten die kodeak.

EAJren balorazioa

Okondoko EAJk oharra plazaratu du kodearen onarpena goraipatu eta erakundeetan ematen diren sexuagatiko diskriminazio egoerak gaitzesteko. Okondoko Udalean jazotako kasua kontatu dute jeltzaleek: "Batzorde batean zinegotzi batek beste zinegotzi baten partetik eraso matxistak jaso zituela salatu zuen".

Azaldu dutenez, zinegotziak "emakume izateagatik" egin zizkion kritikak beste zinegotziari, "ez zuen zerikusirik bere jarduna kritikatzearekin". Aipatu dutenez, honako jarrera hauek izan zituen zinegotziak: beste zinegotziari ez entzutea hitza hartzen zuenean, arretarik ez jartzea edota berataz barre egitea honek jarrera matxista izatea leporatzen zionean

EH Bilduren balorazioa

EH Bildu udal taldeak ere positibotzat jo du kodearen onartzea, ohar batean azaldu duenez. Koalizio abertzalea buru duen Udaleko Berdintasun Sailetik azpimarratu dute ez dutela inolako eraso matxistarik onartuko: "zoritxarrez, jarrera matxistak gure egunerokotasunaren parte dira, identifikatzea eta jarrera ez egozkiez jabetzea da jokabide kode hau onartzearen helburua".

Okondo Aurreraren kritikak

Kodearen aurka bozkatu zuen Okondo Aurrera talde independenteak. Izan ere, bere ustez, dokumentuaren iturburua  "salaketa matxista faltsu bat" izan da. Okondo Aurreraren aburuz, azaroaren 23an egindako  batzordean gertatutako erasoa gezurra izan zen eta faltsukeriaren konplizeak dira Aiarako Kuadrillako presidentea, Aiarako Kuadrillako Berdintasun Batzordeko burua eta Arabako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria. 

Azkenik, talde independenteak leporatu die EAJ eta EH Bilduri gezurrak erabiltzea arreta desbideratzeko euren kudeaketa txarrari dagokionez. Horrez gain, nabarmendu du dekalogoa onartu zen udalbatzan puntu hori baino ez zela landu eta horrek erakusten duela udal gobernuko kideek ez dutela proiekturik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide