“Zentsura faxista” ezartzea leporatu dio Okondo Aurrerak Udal gobernuari, Aresketako bolatokiaren eraisketaren aurkako kartel batzuk kentzeagatik.
Oposizioko taldeak azaldu duenez, asteazkenean jarri zituzten afitxak, “Aresketako bolatokiaren harira gobernu taldeak eta diputazioak egindako lana kritikatzeko, batzuk eraikina botatzea agindu dutelako eta besteek ez dutelako ezer egin horren aurrean”.
Baina, talde politikoak salatu duenez, udaletxeko langileek kartelak kentzeri ekin zioten biharamunean. “Zergatik egiten ari ziren galdetu genien, eta esan ziguten aginduak betetzen ari zirela”.
Okondo Aurrerako kideek ustez, hori da EAJren politika Okondon, eta “faxistatzat” jo dute gertatutakoa. Era berean, “jarrera argia” eskatu diote EH Bilduri, eta “Okondoko alkatearen jauntxokeria berri hau” gaitzestea eskatu diote, bestela “zentsura politika egiteko modu gisa partekatzen dutela” ondorioztatuko dutelako. “Okondo Aurrerak ez dio inoiz alkate honek ordezkatzen duen intolerantziari eta jauntxokeriari amore emango”, ziurtatu dute.
Udalaren erantzuna
Gertatutakoaz galdetuta, Udalak azaldu du ez dituztela kartelak “arrazoi politikoengatik edo zentsura instituzionalagatik” kendu, eta are gutxiago “zentsura faxista” ezartzeagatik.
Tokiko erakundearen arabera, kartelak kendu dituzte ez datozelako bat “egungo gobernu-taldearen bide-garbiketaren arloko udal politikarekin”. Izan ere, azpimarratu dutenez, “udal administrazioak ahalik eta gehien zaintzen du herriari buruz eskaintzen den irudia”. Gauzak hala, ez dute “estetikoki onargarritzat” jo “herriko farola guztietan kartelak jartzea”.