ERREPORTAJEA

Massiel, Joe Frazier, tigreak, tximinoak, telebistako pailazoak... Poliedro diskotekak Okondo bete zuen xarmaz 1970eko hamarkadan

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 11a, 22:10

Massiel Polidero diskotekaren inaugurazioan. / Montes familia

Eurovision irabazi zuen abeslariak izan zuen ardura Poliedro diskoteka inauguratzeko Okondon 1971n, baina musikaren izarra hori ez ezik, Los 3 Sudamericanos, Alberto Cortez, Salomé, eta María Jesús y su acordeón ere aritu ziren lokalean. Horrez gain, Joe Frazier eta Benito Canal boxeo txapeldunek erabili zuten diskoteka borrokak prestatzeko. 

1971ko martxoaren 13an inauguratu zuten Poliedro diskoteka Okondon. Frankismoaren garai gris horietan, bat-batean, lokala bilakatu zen glamourra eta xarma distiratsuarekin herria argitu nahi zuen enpresa proiektua. Ondorioz, ibilbidea hasteko, Massiel abeslari famatua kontratatu zuten. Gogoratu beharra dago une horietan Massiel nazioarteko artista zela, 1968an Eurovision Jaialdia irabazi zuen eta. Hasiera horrekin, lokalak sekulako arrakasta lortu zuen berehala.

Edonola ere, abeslari hori ez zen izan Poliedroko oholtza zapaldu zuen izen ospetsu bakarra. Alberto Cortez abeslari eta olerkari argentinarra, Los 3 Sudamericanos Paraguayko taldea -urrezko hainbat diskoren irabazleak-, Salomé -1969an berak ere irabazi zuen Eurovision Vivo cantando abestiarekin, baina beste hiru artistekin partekatu zuen saria- edota Maria Jesús y su acordeón -Los pajaritos abestiagatik ezaguna- bertaratu ziren Poliedrora.

Jendeak gogoratzen ditu ere Los Marismeños, Maritrini eta La Otxoaren kontzertuak.

(Alberto Cortez abeslaria Miss Poliedro izendatutako emakumearekin, Isabel Lopez del Hoyo)

Aipatzekoa da, bide batez, Gabi, Fofo, Miliki eta Fofito pailazoek ere ikuskizuna eskaini zutela Okondon, oso arrakastatsua, gainera. Pailazoak ezagunak ziren telebistan agertzen zirelako eta oraindik askok gogoratzen dute egun hori.

Iñaki Moscoso laudioarra umea zen 1972an artista horiek ikusteko aukera izan zuenean. "Jende pilo zegoen" oroitzen du. 'Nitxu'-k, Okondoko beste herritar batek, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari jendetza hain handia agertu zela Poliedron, ezen hiru saio egin behar izan zituztela: "Garai horretan ez zegoen edukiera mugarik ez ezer. Sartzen zen jende guztia barrura joaten zen, baina telebistako pailazoak ikustera hainbeste jende bertaratu zen, pailazoek eurek erabaki zutela egitea aurreikusita ez zegoen saio bat. Ezinezkoa zen ikusle guztiak sartzea bi saiotan, hortaz, hirugarren bat egin zuten. Euren ideia izan zen eta, egia esanda, keinu polita izan zen jarraitzaile guztien nahiak asetzeko".

'Nitxu'-k berak azaldu du sarrerak ez zirela bereziki garestiak: "200 edo 250 pezeta". Hori bai, Poliedroren ikusleak ez ziren soilik okondoarrak eta Bilbotik autobus bereziak ateratzen ziren diskotekara joateko. Eta ez bezeroak bakarrik, langile ugari ere bilbotarrak ziren. Garai batean 'Vati' okondoarra zerbitzari lanetan aritu zen eta gogoratzen du bere lankide gehienak hiriburukoak zirela. Oso garai polita izan zela ere oroitzen du.

Boxeo izarrak

Harritzekoa bada ere, diskoteka ez zen soilik parranda gunea, puntako kirolarien kuartela ere bilakatu baitzen. Eta ez edonolako profesionalena. 1971ean pil-pilean zeuden bi borrokalarik baliatu zuten Okondo entrenatzeko. Alde batetik, Joe Frazier munduko txapelduna -Muhammad Ali handia izan zuen aurkari- eta, bestetik, Benito Canal. Canalek entrenatu zuen Urtainen kontra indarrak neurtzeko, Espainiako Txapelketa jokoan zegoelarik.

'Nitxu'-k aipatzen duenez, egonaldi horien helburua zen, gehienbat, lokalaren publizitatea egitea. "Oraindik gogoratzen dut Joe Frazier ikustea Okondotik korrika egiten", adierazi du okondoarrak.

Frazier Okondora heldu zen Aliri irabazi ostean. Martxoaren 8an lortu zuen Munduko Txapelduna izatea eta gero Espainiako Estatuan barrena egin zuen bira bere soul-funk taldearekin -10 disko baino gehiago grabatu zituen abeslari moduan-.

Zaila da jakitea zer gertatu zen zehazki, baina entrenatzeaz gain, Frazierek kontzertua egin behar zuen Poliedron, baina emanaldiaren egunean ez zen agertu, eta La Vanguardia egunkariak argitaratu zuenaren arabera, kasuak epaitegietan bukatu zuen hurrengo urtean.

Manolo Escobarren managerra, Poliedroren jabea

Joe Frazier Okondora ekarri zuen pertsona bere managerra izan zen tarte batez, eta baita Poliedro diskotekaren jabea ere. Askok badakite nor den, eta beste batzuek harriduraz jasoko dute informazioa. Izan ere, horren guztiaren atzean zegoen laguna Andrés Alcalde izan zen. Hau da, 17 urtez Okondoko alkate izandakoa EA alderdiarekin. Bere anaia kendu zuen alkatetzatik 1992an zentsura mozioaren bidez eta 2009an utzi zuen politika, polemikaren erdian. 2019an bere kontra zeuden akusazioak bertan behera geratu ziren, eta epaitegiak absolbitu zuen.

Baina alkatetzera heldu baino, enpresa bizitza kitzikagarria egin zuen, eta Poliedro horren atal bat baino ez da. Izan ere, Alcalde Manolo Escobarren managerra izan zen hiru urtez. Horregatik, jende askok uste du Manolo Escobarrek edota Raphaelek diskotekan jo zutela, nahiz eta hori ez gertatu.

Ordea, Alcaldek bi artista horien, Carmen Floresen, Raul Senderen edota Rocío Juradoren jarduerak gidatu zituen zenbait urtetan, bere alabak Yolanda Alcaldek argitzen duen moduan: "Manolo Escobarrekin biran joan zen 1975ean eta Espainiako Estatu osoa zeharkatu zuen. Abeslaria hil baino lehen, Bilbo bisitatu zuen eta nire aitarekin geratu zen bazkaltzeko, harreman ona izan zuten beti".

Aintzat hartu beharra dago urte horietan ez zegoela musika zirkuiturik edota azpiegiturarik. Hortaz, frontoiak edota zezen plazak alokatzen zituen Alcaldek artistek jarraitzaileez betetzeko. Kasualitatez, 'Nitxu'-k kontzertu baten antolakuntzan parte hartu zuen: "Andrés Alcaldek herriko zenbait gazteri proposatu zigun berarekin joatea Barakaldora Manolo Escobarren kontzertuko aulkiak jartzera. 3.000 aulki jarri genituen".

Poliedroren bilakaera

Herritarrek gogoratzen dutenez, Poliedro 6 urtez egon zen irekirik, baina gero bilakaera eta bizitza ezberdinak izan zituen, Andrés Alcalderen eskutik beti: diskoteka izatetik, ezkontzak eta jaunartzeak ospatzen ziren jatetxea izatera pasa zen; eta, gero, bolatoki amerikarrera.

Handik ibilitako askok, dena den, gogoratzen dute lokalak zituen animaliak. "Kaiola batzuetan tigreak eta tximinoak zeuden eta jendea joaten zen ikustera. Horrez gain, bigantxentzako plaza bat zuen eta ezkontzen ondoren askatzen zituen. Bezero ugari joaten ziren hara bigantxen aurretik korrika egiteko. Esaterako, gogoratzen dut han milaka aldiz ikusi nuela Jose Ramon Alesanco, Athletic eta FC Barcelonako jokalari ohia", oroitzen du 'Nitxu'-k.

Egun, Poliedroren arrasto askorik ez da geratu. Artikulu honetan ikus daitezkeen argazkiak, Montes argazkilari familiak lagatutakoak  dira. Lokala, aldiz, Mesoi taberna-jatetxea izan da urte luzez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide