Arrakasta handia izan du Euskadiko Agility Txapelketak beste behin ere. Euskadi Sextuple izenarekin ezagunagoa da ekimena, eta Okondon burutu dute bigarrenez. Aurrez, ordea, Urduñan ere egin izan da.
435 txakur parte hartu dute Okondoko proban, Euskal Herriko zein nazioarteko animalia eta zaletu ugari elkartu baititu Euskadi Sextuple Agility txapelketak
Hala, Okondoko futbol zelaia bilakatu dute joko zelai, 4 pista egokituta. Horrez gain, aisialdirako zenbait jarduera ere antolatu dituzte. Atzo gauean, esaterako, pijama festa egin zuten.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, txapelketa bukatzear badago ere, Agilitya luzerako geratuko da Okondon. Izan ere, Okondoko Udalak agility pista propioa atondu du herriko txoko batean, kirol horri ikusgarritasuna emateko eta zaletuek gozatzen jarraitu ahal izateko.