Gorbeiako errotarriei buruzko liburu aurkezpen bikotza, ostegunean Okondon

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abe. 12a, 19:50
Javier Castro Montoya eta Iñaki Garcia Uribe, errotarri bat neurtzen. / Errotarri proiektua

Orozko da mundu osoan errotarri gehien dituen udalerrietako bat, eta bi liburu plazaratu dituzte gai horri lotuta. 

Orozko, Zuia eta Zigoitia dira, mundu osoan, mendietan errotarri gehien dituzten udalerriak. Ondorio horretara iritsi ziren Aranzadi zientzia elkarteko etnografía saileko kideak Gorbeiako Parke naturala goitik behera aztertu zutenean. “Karratuta banatu genuen espazio guztia, eta karratuz karratu joan ginen errotarriak bilatzen”, azaldu du Iñaki Garcia Uribe ikertzaileak. 

Emaitza oparoa lortu zuten horrela: “Duela 8 urte abiatu genuen ikerketa, eta orduan 7 errotarri baino ez zeuden katalogatuak. Orain, aldiz, 600 baino gehiago daude”. 

Bi liburutan islatu dute ikerketaren emaitza. Lehena duela urtebete plazaratu zuten, Orozkoko Udalak finantzaturik. Bigarrena, aldiz, duela hilabete batzuk argitaratu dute. 

Bi lan horiek aurkeztea izango da ostegun honetan Okondon egingo duten hitzaldiaren funtsa (Orozko eta Amurrion aurkeztu egin dituzte dagoeneko, eta Gasteizen egongo dira urtarrilean).

Ostegunean izango da zita, 19:00etan Kultur Etxean. Ganekogorta mendi taldeak antolatu du ekimena, Mendiari eta Naturari buruzko IX. Jardunaldien barruan. Izen iradokitzailea jarri diote solasaldiari: “Gorbeia, errotarrien munduko hiribura”.

Iñaki Garcia Uriberekin batera, Javier Castro Montoyak hartuko du hitza. Uriberen arabera, bera da errotarriei buruz “mundo osoan” gehien dakiena. 

65 boluntarioko sarea

Baina ikerketa ez dute Uribek eta Castrok bakarrik egin. Laguntzaile sare zabala izan dute atzetik, 65 boluntarioz osatutakoa. “Inurri lana” izan da, eta ordenagailua ere izan dute bidelagun, Uribek aitortu duenez: “hainbat errotarri etxetik bertatik topatu ditugu, Geoeuskadi sistema baliatuta. Modu horretan, Gorbeako zenbait gune arakatu ahal izan ditugu ordenagailutik”. 

Okondon, errotarririk ez

Dena den, Orozkoko fenomenoa ez da errepikatzen Aiaraldeko gainontzeko udalerrietan. Uribe 2017an aritu zen Okondotik, Ganekogortaren helgoaldea eta Pagolar arakatu zituen Manolo Sojorekin batera, baina ez zuten harrizko pieza horietako bat bera ere ez topatu. "Inguru geologiko hori ez da aproposa", ondorioztatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide