Xabier Ramos argazkilari okondoarraren irudi bat hautatu dute finalista izateko Turismo Ornitologikoaren Nazioarteko Azokaren barruan antolatzen den natura-argazki lehiaketan. "Las aves silvestres" izeneko lehiaketaren 18. edizioa da honakoa, eta mundu osoko 38 herrialdetatik bidalitako 6.400 argazki baino gehiago jaso ditu epaimahaiak orotara.
Flamenko arrosa
Argazki guztien artean hautatuetako bat izan da Ramosek ateratakoa: Flamenco Rosa. Frantziako Proventza eskualdean atera zuen argazkia gazte okondoarrak. Klima Mediterranoa da bertan nagusi, eta hegaztien migrazio prozesuan atseden lekua da. "Argazki hau urtarrilaren hasieran atera nuen, orduan hasten baita flamenkoen araldia eta beren eztei-lumaje koloretsua eskuratzen dute beste aleak sexualki erakartzeko" azaldu du Ramosek.
Argazkia ateratzeko teknikari dagokionez, Ramosek aitortu du askok galdetu diotela fondo ilun hori digitalki sortua den edo ez. Hartara, digitalki manipulatua ez dagoela azaldu du Ramosek: "Baldintza egokiekin efektu hori lortu daiteke. Ura bare-bare eta itzalpean egon behar du. Horrela, kamarako parametroak aldatuz, argazkia ilundu eta itzalpean geratutako informazio guztia galduko dugu, baina flamenkoaren kolore bizi guztiak mantendu egingo dira."
Otsailaren 25ean iragarriko dituzte irabazleak. Guztira, 50 dira finalera iritsi diren argazkiak, eta bost dira lehian dauden kategoriak: Hegaztien erretratuak, hegaztiak bere ingurune naturalean, hegaztiak akzioan, hegaztien ikuspegi artistikoa eta argazkilari gazteen kategoria. Hain zuzen ere, lehenengo kategorian ari da lehiatzen Ramosen argazkia. Sari guztiek 6.400 euroko balioa dute.