2022an sute baten ondorioz hiru okondoar zendu eta gero, prebentzio neurriak bilatzeari ekin zion Udalak. Bilaketa horri esker SUA sistema ezagutu zuten, Mundo PUA euskal enpresak garatutakoa.
Hala azaldu du Jon Escuza alkateak: "Suhiltzaile bat egon da ideiaren atzean. Izan ere, bera konturatu zen sute asko sukaldean sortzen direla, zerbait suan ahaztu eta gero. Horri aurre egiteko bitarteko bat garatu dute: SUA sistema. Gailu horrek (su-itzalgailutzaren antzekoa) neurtzen du sukaldean dagoen tenperatura eta zenbait segundotan ezarritako muga gaindituz gero, suarekin amaitzeko likidoa botatzen du. Hori egiten duen bakoitzean, sistema berriro kargatzen da eta hamabi aldiz jaurti dezake likidoa".
Horrez gain, eta suhiltzailearen eskarmentuari jarraiki, tresnak dei automatikoa egiten du zenbait errutina ez badira betetzen (egunero sukaldatzea, adibidez). "Bakarrik bizi den jendeak istripua izanez gero etxean, alarma zabaldu dezake SUAk errutina horiek kale egitean", erantsi du Escuzak.
Erakustaldia
Sistemak nola funtzionatzen duen erakusteko bi ariketa egingo dituzte urtarrilaren 30ean. "Sukalde bat ekarriko dute eta su hartuko du. SUAk nola esku hartzen duen ikusteko aukera ona izango da", iragarri du alkateak.
Berez, 12:30ean egingo dute lehen bilera eta 18:00etan bigarrena. Lehen hitzorduan parte hartzeko, enpresa eta erakundeei luzatu die gonbita Udalak. Espero dute bigarrenean herritarrak bertaratzea.
Izan ere, sistema horren ezarpena sustatu nahi du tokiko erakundeak, 65 urtetik gorakoen artean bereziki.
Julian Iantzi
Bilerek aurkezlea izango dute: Julian Iantzi. Konkis saioan agertzen zen komunikatzaileak dinamizatuko du egitasmoa.
Interesdunek izena eman dezakete aokondo.sac@ayto.araba.eus helbidean.