Okondoko EAJk jakinarazi du 2025eko aurrekontuek aurrera egin zutela asteazkeneko udalbatzan. Jeltzaleen botoek babestu zuten plangintza ekonomikoa eta oposizioak abstentzioaren bidea hartu zuen. EH Bilduren bi zuzenketa jaso ditu egitasmoak.
Jeltzaleek nabarmendu dute 2.826.259 euroko aurrekontuak izango direla eta milioi bat baino gehiagoko inbertsioak aurreikusi dituztela. Horien artean nagusiena da udal kiroldegirako erreserbatutako 1.008.000 euroko kopurua. Dena den, gastu osoa Foru Planaren eta Eskualdeko Jarduera Planaren (NPB) bidez finantzatuko dute, ez soilik udal bitartekoekin.
Gainera, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta suteak itzaltzeko elementuak instalatuko dituzte, eta mendietan, hiri-altzarietan eta seinaleztapenetan ere esku-hartzeak egongo dira.
Halaber, Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berrirako funtsak ere gorde dituzte, baita espazio publikoak sortzeko ere, hala nola udal txokoa eta bizikleten garbitokia.
Jon Escuza alkateak azpimarratu du erdigunean jarri dutela herritarren ongizatea eta horren isla dela gizarte dirulaguntzak, bekak eta ekintzaileentzako laguntzak ere handitu dituztela.
EH Bilduren bi zuzenketa txertatu dituzte
Alkateak berak aipatu du EH Bilduk egindako bi proposamen sartu dituztela aurrekontuetan eta koalizioak eman du horien berri.
Lehenik eta behin, 3.000 euroko inbertsioa iradoki zuten, baserri sakabanatuetan eguzki-farolak jartzeko. Modu horretan, farola autoaskiak izatea da helburua, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatu eta argiteria publiko eraginkorra izateko.
Horrez gain, EH Bilduk egungo Klima eta Energia Plana zabaltzea proposatu du, Okondoko behar energetikoen azterketa globala egiteko eta energia berriztagarrien bidez Okondok duen autohornidura partekatuaren aukerak aztertzeko.