El legado que seremos eleberria idatzi duzu, baina politikaz gainezka datorren testua da, ezta?
Gure familiari buruzko istorioa da eta familia lotuta dago Eusko Alderdi Jeltzalerekin. Alderdia sortu zenean hasten da eta azaldu dut zein ibilbide izan zuten Guda Zibilean aititek, osabak… Batzuek harreman handiagoa zuten alderdiarekin, beste batzuek txikiagoa, baina oroimen historikoaren inguruan egindako lanaren ondorioa da eleberria. Izan ere, guk osaba bat dugu desagertuta. Euskadi beraren historia sartuta dago.
Zein neurrian agertzen da Okondo eleberrian?
Okondon hasten eta amaitzen da, baina lehengusu batzuk Bilbora joan ziren eta ezberdintasun horiek azaleratu ditut. Okondoko bizimodua eta Bilbokoa ez dira bera. Edonola ere, Okondora oso lotuta dago.
Zein neurrian liburua da fikzioa eta zein errealitatea?
Urteak daramatzat oroimen historikoa lantzen. Osaba bat desagertuta egoteaz gain, aitite langile batailoi batean aritu behar izan zen. Ez genekien zergatik ezta noiz, guda hasieran edo ostean izan zen, adibidez. Zorionez, eskualdean jende askok jorratu du oroimen historikoa: Aketza Merinok, Sergio Balchadak… Testuak argitaratu dituzte eta horri esker pieza batzuk lotzeko aukera izan dut. Aititeren ibilbidea argitu dugu eta osabaren kasuan, gauza bat zirudien, baina aztertzean beste batzuk topatu ditugu eta ez dakigu zehazki zer gertatu zen. Gero badaukagu osaba baten semea, Amurriokoa, une latzak izan zituena gerrari lotuta. Horrekin guztiarekin bi aukera nituen, edo zegoen moduan jasotzea, edo eleberri batean islatzea. Eta hori egin dut, nobela bat idatzi. Zati bat asmatu behar izan dut dena josteko, beste bat izan liteke horrela izatea, edo ez, ezin dugulako frogatu, eta beste pieza batzuk ikerketan oinarrituta daude.
Zenbat belaunaldi hartzen ditu kontakizunak?
Nire birramama eta birraititerekin hasten da eta gaurdaino heltzen da. 1895ean abiatu eta 2024an bukatzen da. Argitaletxeari bidali nion ea zer iruditzen zitzaion, baina ezustea izan zen erantzuna.
Horrela sortu da eta ikusiko dugu. Gutxienez, badaukagu familiaren historia jasotzen duen liburua eta hori ere bada polita. Oroimen historikoa berreskuratzeko aukera garrantzitsua da.
Zenbat denbora eman duzu idazketan?
Gutxi. Hiru aste edo hilabete batean idatzi nuen gehiena. Hala ere, tarte horretan egin nuela esateak desitxuratzen du urteak eman ditudala ikertzen. Dena nire buruan zegoen. Familiari agiriak eskatu dizkiot, Aranzadiko lagun baten bitartez ere eskatu ditugu hainbat urtez gertakari berari buruzko dokumentu ezberdinak.
Oroimen Historikoaren Legea onartu zenean hasi nintzen, baina aurretik nire izeko bati —nire amama zena niretzat— eskatzen nion kontatzea familiaren historia.
Erreferenteren bat izan duzu idaztean?
Ez, ez nuen pentsatzen ezta argitaratuko zenik, egia esan.
2024an idatzi zenuen eta 2023ra arte EAJko senatari gisa aritu zinen, zerikusia dauka horrek?
Ez, nire jarduera politikoari buruz ez dut ezer aipatzen. Azaltzen dut nire izenaren jatorria, beti arraroa izan baita niretzat. Oso pozik nago Senatuan bizi izan dudanagatik, baina ez dut ezer aipatu.
Nola zaude orain liburuari dagokionez?
Pasa den astean hasi zen liburudendetara heltzen, aurkezpenak ditut eta irrikan nago jakiteko zer pentsatzen duen irakurtzen duen jendeak. Uztailean amaitu nuen, irailean bidali nion argitaletxe bati eta interesgarria iruditzen zitzaiola erantzun zidan. Erabaki zuten argitaratzea eta nik euren esku utzi dut dena.
Nik aurkezpenak egingo ditut eta beste guztia euren ardura da, salmentak eta abar. Jendeak eskatzen dit eta ez daukat libururik, esaterako. Laudion Zuhaitzan egongo da eta Okondon Estankoan. Liburudenda handiek ere izango dute.
Noiz izango dira aurkezpenak?
Lehenengoa Okondon izango da, elizan. Apur bat arraroa da batzuentzat, baina ez guretzat. Han hasten da eta han amaitzen da liburua. Guk harreman estua daukagu elizarekin, nire aita bertako erlojugile baita. Maiatzaren 31n egingo dugu 12:00etan.
Beste bat egingo dut Bilbon ekainaren 6an 18:00etan Liburu Azokaren barruan eta ekainaren 20an Kulturlaben izango da 19:00etan, Laudion.
Zerbait informala egingo dut. Gogoko nuke jendearekin hitz egitea, liburua irakurri ostean. Uste dut gutxi hitz egin dugula Gerra Zibilaren eta Diktaduraren eraginari buruz. Hori ikaragarria litzateke. Dena den, ni hemendik nabil ohikoan, hortaz, norbaitek liburuari buruz hitz egin nahi badu, egin dezakegu. Prest nago iritzi guztiak jasotzeko eta eleberri laburra da.
Saiatu naiz zerbait erraza idazten. Izan ere, nire semeak nituen buruan idaztean, ez direla bereziki irakurzaleak, eta historiari buruz, are gutxiago.
Agian irailean Gasteizen egin dezakegu beste aurkezpen bat, Liburu Azokan, baina hori editoreak esango du. Nik Laudiokoa eta Okondokoa kudeatu ditut.
Inori baino lehen gurasoei utzi zenien irakurtzeko, zer esan dizute?
Ez da oso publiko objektiboa (barreak). Gogoko izan dute. Nire aitak bizitza nahiko konplikatua izan du; oso gaztea zenean hil zen berea aita, gero bere ama… Hori guztia liburuan dago.
Niretzat apur bat gogorra zen horren berri ematea eta galdetu diot amari zelan daraman aitak jende guztiak jakitea bere bizitza —nahiz eta Okondon guztiok elkar ezagutzen dugun—.
Behin eleberri bat argitaratuta, asmoa duzu gehiago idazteko?
Ni ez naiz idazlea. Momentuz ez daukat asmorik jarraitzeko. Informazio hori komunikatzeko bide aproposena zen eleberria egitea eta horrela sortu zen. Egia da gauza asko egin ditudala bizitzan aurretik espero ez nuena egitea eta oro har ez diodala ezetz esaten, hortaz, batek daki.