Igandean Askiola Okondo futbol taldeak hitzordu garrantzitsua izan zuen herriko kirol zelaian, baina aurredenboraldiko norgehiagoka baino inportanteagoa izan zen udalerrian pasa den astean hildako bi gazteei egindako omenaldia.
Herritar ugari batu ziren kirolgunearen inguruan gazteak gogoratu eta senideak babesteko. Ekitaldia xumea izan zen, baina jende askoren parte hartzea izan zuen.
Lehenik eta behin, futbolean aritzen diren hainbat umek pasilloa osatu zuten. Gero pankarta baten atzetik igaro ziren Askiolako eta Gordexolako jokalariak eta lore sortak eraman zituzten bi gazteen argazkiei eskaintzeko. Hori bai, ondoren loreak senideei eman zizkieten.
Aurreskua ere dantzatu zuten eta minutuko isilunea egin zuten. Azkenean, bisitariek lortutako garaipena izan zen bildutako jendetzarentzat interes gutxien izan zuen elementua.
Argazkiak: Antonio Crespo