Futbol 7 partida andana egongo da asteburuan Okondoko futbol zelaian. Izan ere, 24 talde arituko dira Okondo Cup txapelketako garaikurra eskuratzeko, hiru kategoriatan. Ekimenaren bigarren edizioa izango da. Larunbatean 2014ko eta 2015eko kimuak arituko dira nor baino nor eta igandean benjaminen txanda helduko da.
Kategoria bakoitzean zortzi klub lehiatuko dira eta larunbatean Athletic Club edota Alaveseko jokalari gazteak ikusteko parada egongo da. Eurekin batera Santutxu, Danok Bat edota Easo City egongo dira. Hego Euskal Herriko taldeak ez ezik, Iparraldeko bi ere bertaratuko dira eskualdera: Baionakoa eta Biarritzekoa.
Norgehiagokak, ligaxkako fasean, 20 minutukoak izango dira eta 9:00etan hasiko dira. 15:30ean ekingo diote finalaurrekoak jokatzeari urrezko zein zilarrezko mailetan eta azken partidak 19:00etan izango dira.
Igandean benjaminak
Aldiz, igandean protagonismoa 2016an jaiotako benjaminena izango da, 9:00etatik 13:30ak arte. Tokiko taldeak ez dira faltako eta CD Laudio eta Etorkizuna egongo dira Okondoko udal futbol zelaian.
Omenaldia
Antolatzaileek adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari larunbatean txapelketa hasi baino lehen, 9:00etan, minutuko isilunea egingo dutela Okondon auto istripuan hildako bi gazteak oroitzeko.