'Euskara gabe ez gara' dinamika

“Ama hizkuntzan oinarri ona izatea behar beharrezkoa da bigarren hizkuntza eraikitzeko”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 19a

Okondoko Eskolako zuzendaritza taldeko kide da GEMMA CORBELLA. Euskararekiko lotura afektibo-emozionala etxetik lantzea ezinbestekotzat jo du, euskalduntze prozesuak daraman beheranzko joera aldatzeko.

Urtebeteko prozesu luzea izan da Euskara Gabe Ez Gara manifestuaren atzean dagoen lanketa.

Ohikoan ni naiz Okondoko Eskolako ordezkaria Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolaturiko hezkuntza foroan. Eskolatik ahalegina egin dugu ahalik eta gehienetan bertan parte hartzeko. Guretzat garrantzia handia dauka foroan parte hartzeak, batez ere partekatzen dugulako beste ikastetxeekin komunak izan daitezkeen arazoak. Eta nola ez, familiek oro har euskararekiko duten atxikimendua bestelakoa dela detektatu dugu ere.

Noiztik detektatu duzue joera aldaketa hori?

Beti pandemia dugu hor mugarri bezala; pandemia aurretik, pandemia ostean… Baina egia da ordutik familiak urrunago ikusi ditudala. Bai eskolan antolatzen ditugun ekintzetan edo formazioetan parte hartzeko, Guraso Elkartean aritzeko eta baita euskara modu aktiboan sustatzerako orduan.

Kezkatzeko kontua da.

Ni bereziki tematuta nago haurrekin lantzen den hizkuntzan eta interakzioan fokua jartzen. Nabari dut seme-alabekin interakzioa geroz eta txikiagoa dela.

Interakzioa euskaraz?

Ez, oro har. Ama hizkuntzan ere bai. Pantailak tartean daude eta seme-alabekin txikitatik egiten den interakzioa geroz eta txikiagoa da. Uneoro gaude mugikorrak eskutan, telebista pizturik… Nik hor ikusten dut une honetan arazorik handiena. Ama hizkuntza berebizikoa da.
Ama hizkuntza lantzea oso oso garrantzitsua da. Ez badago hizkuntzarik, ez dago pentsamendurik, eta bigarren hizkuntza bat, kasu honetan euskara, ondo jasotzea ezinezkoa da.

Hemen, eskolan, euskarara egiten duten inmertsioa ordu askotakoa da. Ama hizkuntzan oinarri ona izatea behar beharrezkoa da (gaztelanian, ingelesean, arabiarrean…) bigarren hizkuntza eraikitzeko.

Asko tematzen gara familiekin interakzio momentu horiek bila ditzaten. Umeekin pasatzen dituzten uneak oso aberatsak izan behar dira, bai jolasean eta baita hizkuntza aldetik ere.

Euskararekiko jarrera edo atxikimendua aldatu egin dela aipatu duzu ere.

Bai, uste dut euskararekiko jarrera nabarmen aldatu egin dela. “Hobe ingelesez egingo bazenu dena, euskarak ez du ezertarako balio”, horrelakoak entzun egin ditut gurasoekin izandako bileretan. Hori oso mingarria da.

Ume txikiek imitazioz ikasten dute, gurasook maite duguna maitatzen dute… Beraz etxe batean euskararekiko jarrera ezkorra baldin bada, hori transmititu egingo da. Euskara maitatu behar da, lotura afektibo-emozionala sortu behar da euskararekiko. Kantak, olerkiak… hori guztia ezinbestekoa da hizkuntza modu egokian garatzeko. Garrantzitsua da ere eguneroko une konkretuak euskararekin modu goxoan lotzea.

Euskararekiko lotura berebizikoa da orduan.

Erabat. Gerta daiteke, eta kasurik ohikoena izango da, etxe barruan, familietan, bizitza erdaraz egitea; baina euskararekiko jarrera positiboa baldin bada, oso onuragarria izango da euskalduntze prozesuan. Euskaraz kantatzea, telebistan euskarazko edukiei lehentasuna ematea…

Badira ingelesarekin tematzen diren familiak, euskara alboratuz. Ingelesa lantzeko tartea izango dute ikasleek aurrerago. Lehenengo eta bigarren hizkuntzak ondo eraikita badaude, errazagoa izango da hirugarren bat garatzea.

Familien jarrera aipatu dugu, baina zein da irakasleen papera?

Uste dut irakasleok ere lasaitu egin garela. Iruditzen zait batzuetan ez garela kontzienteak zer nolako ardura dugun euskalduntze prozesuan. Kantak, esaterako, oso garrantzitsuak dira hizkuntza garatzerako orduan, eta badira abesten ez duten irakasleak. Gu kulturaren transmisoreak gara, euskarak berebizikoa du hori ere.

Uste dut lehen erabiltzen ziren zenbait metodologia alboratu egin ditugula. Orain berrikuntza, mugimendu askean edota konfiantzaren pedagogian gaude murgilduta. Eta egokiak dira. Baina lehengo metodologietatik ere kontuak berreskuratu behar ditugu: errepikapena, irakurmenaren lanketa, pantailak alboratzea… Entzumena bera ere oso garrantzitsua da. 

Garai batean euskararen irakaskuntza haur hezkuntzan ere planifikatzen genuen. Orduko egiteko zenbait modu berreskuratu beharko genituzke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide