Asteartean onartu zituen 2026ko aurrekontuak Okondoko Udalak eta horien kontra bozkatu zuen talde bakarra EH Bildu izan zen. Koalizioak oharra plazaratu berri du azaltzeko ezezkoaren arrazoiak, eta argudio nagusia izan da bere ideia guztiak baztertu zituela EAJk.
EH Bilduk bere ekarpenak azpimarratu ditu: "Nabarmentzekoa da Okondogoiena eta Okondo lotuko dituen bidegorri bat eraikitzeko azterlan bat egitea, udalerriaren beraren kohesioa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko. Proiektu honen bidez, EH Bilduk bidegorri irisgarri bat eman nahi zion herriari, ohitura osasungarriak sustatzeko".
Koalizioak esku hartzea ere sustatu nahi zuen udaletxearen inguruetan: "Udaletxearen kanpoaldea egokitzeko azterlan bat egitea zen asmoa, aparkalekuaren ideia berreskuratuz eta egungo aparkalekua oinezkoentzako gune gisa egokituz, adibidez".
Behar ezberdinak
Oposizioko taldeak aipatu du EAJk osatutako aurrekontuek ez dizkietela erantzuten herriaren beharrei eta kritikatu du, berez, inbertsio berri bakarra dagoela, kiroldegiarena.
Gauzak horrela, EH Bilduk trantsizio ekosoziala sustatzeko premia dagoela uste du eta planteatu zuen Okondoko Energia Beharren Diagnostikoa finantzatzen jarraitzea eta energia berriztagarriarekin ordezkatzea, udalerriaren autoaskitasun energetikorantz aurrera egiteko.
EAJk aste hasieran bertan azaldu zuen zergatik ez zituen aintzat hartu oposizioaren ideiak, aztertu arren: "Ikuspuntu administratibotik bideraezinak direlako eta/edo ez dutelako planteamendu tekniko nahikorik 2026an gauzatzeko".