Ander Urkiza primeran sartu da urte berrian, asteburu honetan Getxon txapelketa berria lortu baitu bere palmaresa handitzeko. Hain zuzen, Real Club Jolasetak egindako Errege Magoen Tenis Txapelketan gailendu da.
Urtarrilaren 2tik 5era bitartean lehiatu dira hainbat tenis jokalari sei kategoriatan eta Urkiza absolutuen arteko onena izan da. Finalean Jon Subinas menderatu zuen okondoarrak.
Edonola ere, ez da azken hilabeteetan etxera eraman duen txapelketa bakarra. Azaroaren amaieran Club Tenis Pamplonak antolatutako urte amaierako norgehiagoka ere bereganatu zuen. Kasu horretan junior kategorian eman zuen izena eta Iñigo Rezustari irabazi zion finalean.
Azken garaipen honekin 2025ean egindako ibilbide bikaina borobildu du Urkizak, garaikur mordoa eskuratu baititu.