Ander Urkizak ez du atsedenik hartu udan bere sailkapena hobetzeko asmoz eta bi garaikur berri eraman ditu etxera. Abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran Laboral Kutxa CT Landako txapelketa irabazi zuen kadete kategorian. Juniorren artean, ordea, txapeldunordea izan zen.
Durangon jokatutako lehiaketa horretan antolatzaileek eurek azpimarratu dute Urkizaren parte hartzea. Izan ere, lau edizio egin dituzte eta orain arte okondoarra izan da Espainiako Estatuko sailkapenean postu onena izan duena, 393. geratuta.
Junior kategoriako Asier Perezek irabazi zion Urkizari finalean kategoria horretan. Perezek ere sailkapen oso ona dauka, 415. postua berea da eta. Iaz Urquizak eta Perezek ere topo egin zuten finalean, baina orduan okondoarra izan zen irabazle.
Astilleron ere garaile
Durangora ez ezik, Urkizak Astilerora ere jo du, La Cantabrica Open txapelketan lehiatzera. Kasu horretan ere kadete kategoriako onena izan da.
Uda amaiera aparta izan du tenis jokalariak, baina azken hilabeteetan ez da oso ezberdina izan bere ibilbidea, Getxon edota Valentzian handitu baitu bere palmaresa.