Okondoko familiek sinadura bilketa hasi dute, Arabako Foru Aldundiari konponbideak exijitzeko A-3641 errepidean. Bide horretan ezbeharrak biderkatu dira azken urteetan (Eusko Jaurlaritzaren arabera hamar gertaten dira urtero) eta istripua izan zuen azken ibilgailua Etxaurren Ikastolako autobusa izan zen, hain zuzen.
Gauzak horrela, Okondoko guraso askok honako aldarrikapen hauek adierazi dizkiote Arabako Foru Aldundiari, premiazko esku-hartzea egin dezan:
1. Eragindako tartearen egoera eta arriskugarritasuna teknikoki ebaluatzea.
2. Seinaleztapen horizontala eta bertikala hobetzea.
3. Ordutegi jakin batzuetan ibilgailu astunen abiadura mugatzeko edo ibilgailu astunen zirkulazioa murrizteko aukera aztertzea.
4. Galtzada modu eraginkorrean zabaltzea edo ahal den guztietan bazterbide seguruak prestatzea.
Non sinatu?
Okondoarren eskaerarekin bat egin nahi dutenek hainbat aukera dituzte. Alde batetik, Internet bidez sinatu dezakete hemen klikatuta.
Bestetik, herrian dauden tabernetan, supermerkatuan eta farmazian ere egin daiteke eta, azkenik, ekitaldi jendetsuetan ere egongo dira. Esaterako, atzo Araba Euskaraz jaian egon ziren.
Ez bide osoa zabaltzeari
Aiaraldea Komunikabidea familiekin jarri da harremanetan eta hauek adierazi diote eurek eskatzen dutena ez dela A-3641ko ibilbide osoa zabalagoa izatea, baserri ugari baitaude ertzeetan. "Leku puntual eta kritiko batzuetan ezinbestekoa da bide ertze duinak eta seguruak egitea, eta, ondorioz, zabaltzea, baina bestelako neurriak ere hartu beharko lirateke, eta ez errepidearen zabaltze hutsa. Izan ere, horrek abiadura eta garraio astun gehiago ekarriko balu, ez genuke ezer konponduko", azaldu dute.
Gurasoek uste dute ikuspegi anitzak baliatu behar direla arazoari aurre egiteko. "Garraio astuna ezin da guztiz kendu, mendietatik egurra ustiatzen baitute, baina abidura kontrolatu eta garraio astuna mugatu daiteke. Horrez gain, Bizkaiko errepideetan ordain-saria jarri zutenetik, kamioi ugari sartzen dira A-3641an gastu hori ekiditeko. Agian laguntza fiskala eman ahal zaie hemendik ez igarotzeko", iradoki dute.
Familiek aipatu dute, edonola ere, ikerketa teknikoa behar dela ezartzeko zein den konponbidea eta premiazkoa dela ahalik eta lasterren egitea. Momentuz, ez dute zehaztu noiz emango dizkioten sinadurak Aldundiari.