Matxintxu emakume elkarteko eta Orozkoko Gazte Asanbladako kideak dira, hurrenez hurren, YOLANDA GOIRI BERGADO (Orozko, 1974) eta IXONE COLLADO URKIJO (Orozko, 1993). “Zapatu morea” ekimena antolatu dute bi taldeek elkarlanean jaietarako, Txosnagunean.
“Zapatu morea” ekimena antolatu duzue sanantolinetarako. Zer dela eta?
Yolanda: Matxintxu elkartetik bagenuen aurtengo jaietan zer edo zer ezberdina eskaintzeko asmoa, emakumearen papera gehiago aldarrikatzeko asmoarekin. Bide horretan Gazte Asanbladarekin eta Supelaurrekin topo egin genuen. Bilera batzuk egin ostean komunean genituen ideia batzuk atera genituen, aurrera ateratzeko modukoak zirenak. Horrela erabaki genuen Zapatu Morea antolatzea.
Ixone: Jendartean hainbat arazo daudela sumatu genuen: matxismoa, mikromatxismoa, botere harremanak...
"Argi dago gaur egungo jai ereduan botere harreman horiek areagotu egiten direla. Horregatik ikusi genuen beharra gure Txosnagunea plaza feminista bilakatzeko. Horri begira, Zapatu Morearen ekimena oso aukera indartsua zela ikusi genuen, egin beharrekoa"
Horregatik jarri ginen kontaktuan Orozkoko emakume elkartearekin, Matxintxurekin. Kontuan hartu behar da ere Txosnaguneak izaera oso pertsonalizatua hartzen duela (Elkartasun Eguna edo Gazte Eguna eginez, adibidez). Zentsu horretan, Zapatu Morea ekimenak ere egun pertsonalizatu eta izaera propiodun moduan hartuko du bere lekua jaietan.
Oholtzan emakumeen presentzia lortzea ere duzue helburu.
Yolanda:
"Orozkoarrak eta emakumeak garen aldetik ikusten genuen gizonezkoak zirela jaietako ekitaldi gehienetako protagonistak"
Hori dela eta, emakume elkarte moduan beharra ikusi genuen emakumeak oholtzara igotzeko, emakumeen ekitaldi gehiagorekin. Keinu txiki bat da honakoa, handiagotzea espero duguna. Ez dugu egun bakar batera mugatu nahi, lanketa jarraitu bat egin nahi dugu. Ez gara Matxintxu, Gazte Asanblada eta Supelaurrera mugatu nahi, herriko jende guztia animatu nahi dugu parte hartzera.
Ixone: Ikusi genuen Zapatu Morearen baitan oso garrantzitsua zela emakumeak plazara ekarri eta bistaratzea, eurak protagonista bilakatzea.
Zergatik? Ba orain arte antolatu izan ditugun kontzertu eta ekitaldi guztietan mutilak baino ez ditugulako topatu. Zentsu horretan, Zapatu Morean emakumearen presentzia erabatekoa izan behar zela ikusi genuen. Emakumezkoek osatutako batukada egongo da, eta kontzertuetan ere emakumeen presentzia nabarmena egongo da.
Ekitaldiari emango zaion garrantzia azpimarratu behar da baita. Ekitaldia bilakatu da Zapatu Morearen bihotza. Emakumeek egingo dute, emakumeak izango dira protagonista.
"Hainbat lanetan aritutako edo herrian zeresana izan duten emakumeak oholtzaratuko dira, eta horrek oso esanahi indartsua emango dio ekitaldiari"
Nolakoa izan da Matxintxuren eta Gazte Asanbladaren arteko elkarlana?
Ixone: Egia da lehenengo aldia dela eta kontraesanak topatu ditugula lanketa bateratu honetan. Horregatik uste dugu Gazte Mugimendutik lanketa bat egin behar dugula Zapatu Moreak eguna Txosnagunean egun erreferente moduan mantentzeko. Garrantzitsua da feminismoa ulertzeko bi modu hauek bateratzea, lantzea eta bide zuzen bat hartzea Zapatu Morea ekimena antolatzen jarraitzeko, txiki jaio den ekimen hau handitu eta geroz eta indartsuago bilakatzeko.
Zer topatu ahal izango du Zapatu Morera gerturatzen denak?
Ixone: Zapatu Morera gerturatzen den pertsona orok honakoa aurkituko du: erasorik gabeko gune bat, eraso sexistak urrun nahi dituen leku bat, plaza feminista bat, genero eta botere harremanak deseraiki nahi dituen egun bat.
Hamaika aldarri feminista topatu ahal izango dira horren baitan. Emakumearen presentzia eta protagonismoa izango dira nagusi. Emakumeak egongo dira dantzan, kantuan eta, batez ere, borrokan.
Yolanda: Zapatuan Orozkora gerturatzen denak jai giroa topatuko du, emakumearen papera aldarri izango duena, baina ez ikuspuntu ideologiko zehatz batetik. Ekimen parte hartzaile bat izango da, zeinetara edozein pertsona gerturatu ahal izango den. Bertan emango dugun pauso txikiaren bidez aurrera joatea da asmoa, gu guztiok barruan dugun pertsona borrokalaria aktibatzeari begira.
Bi taldeen arteko elkarlana ekimen honetara mugatuko da edo jarraipena izango du jaiak bukatuta?
Yolanda: Zapatu More hau lehen pausoa izango da beste hainbat ekitaldi eta aldarrikapen egitera begira. Harreman hau urte askotarako izatea espero dugu, emakumeek historian dagokien lekua okupatu arte.
Orozkoko auzokideak animatu nahi ditugu gure bilera eta hitzaldietara gerturatzera eta ideiak proposatzera. Aldarrikapen hau ez da politikoki eskuman edo ezkerrean kokatzen den zerbait.
Ixone: Urtean zehar badaude beste milaka data. Feminismoak ez du etenik, bizitzeko modu bat da. Ezin da jaietako edo bost eguneko Txosnagune batera mugatu. Urte osoa izan behar dugu presente; aurrera jarraitu, elkarlanean eta batera aritu eta, batez ere, ikasteko eta berdintasunezko bideak eraikitzeko.
"Argi geratu da urte osoan zehar elkarlanean aritzeko beharra"
Gazte Mugimendutik pentsatzen dugu honakoa ez dela elkarlan puntual bat. Matxintxu emakume elkarte bat da, herrikoa, eta gure bideek elkar topatu dute azkenean. Kontraesanak egon arren, elkarteko kideek marko ez misto baten jarduten dute, eta horrek Zapatu Moreak ekimenaren izaera islatzen du. Orduan, hemendik aurrera uste dut lan bateratua askoz beharrezkoagoa izango dela aurrerapausoak eman ahal izateko.