Gaur goizean egin dute Eskola Bidean proiektuko lehen proba. Egitasmoa haurren segurtasuna eta autonomia indartzean datza, eta haurren parte hartzearen bidez. Hala, ikasleek herriko oztopoak identifikatu eta soluzioak proposatu dizkiote udalari; ikasleek, gurasoek eta merkatariek alkatearekin egindako bileran.
"Isun moralak"
"Eskolara... bakarrik eta seguru!" bertaratzeko beharra adierazi dute isunetan gazteek. "Errepideak zuentzako, eta espaloia ere? Kaleak gureak ere badira!" idatzi dute paperean; baita salatzailearen izena eta adina ere.
Garazi Abrisketa Bizkaiko Urtxintxa Eskolako kideak azaldu duenez, gaur egin dute lehen proba: "Eskolara joateko bi bide daude, elizatik abiatzen dena eta Iparraldekoa. Elizatik aterata, BBK pareko plaza txikian, piboteak daude, baina jendeak autoa uzten du bertan. Ondorioz, haurrek ez dute errepidea gurutzatzeko bisibilitaterik. Horregatik jarri diegu ibilgailuei isun morala".
Ekimenaren funtsa afera jendarteratzea da. Horregatik gehitu diote isunari, kasuan kasu, autoa oker aparkatzearen ondorioa. "Esaterako, zuk kotxea hemen utziz gero ezin gara pasatu", irakur liteke isunetako batean.
Datorren astean helduko diote Eskola bidean proiektuko bigarren faseari, eta asteartetik aurrera eskolara bakarrik joango dira: "Oraingoan gurasoei ez etortzeko eskatu diegu, eta agertzekotan atzetik joateko. Horrela, hurrengo astean umeak bakarrik joango dira". Parte hartzearekin eta emaitzarekin azaldu da Abrisketa: "A ibilbidetik -elizatik eskolara- 16 ikasle etorri dira gaur eta B ibilbidetik -Iparralde auzotik- 13k egin dute bidea. Oso guraso gutxi etorri dira, beraz, badirudi bakarrik joaten hasiko direla".