ADIEren aldeko bozkekin onartu ziren 2018ko Orozkoko Udal aurrekontuak, 4.792.300 eurokoak. Diru sarreren balantzea 2017koa baino positiboagoa izango da, udalkutxaren ekarpena 201.000 eurotan areagotuko da eta.
Horretaz gain, udalak, 500.000 euroko mailegu bati helduko dio. Kreditu horrekin osasun-zentroaren obrei hasiera emango diote, datorren urtean.
Bestelako inbertsioak ere aurreikusi dituzte 2018ari begira. Landa eremuen mantenurako 100.000 € bideratuko dira. Horren barruan, auzunetara heltzeko bideak konpontzea lehentasunezko ariketa izango da.
Era berean, ortu-ekologikoek izan duten arrakasta ere aintzat hartuta, diru-sarrerak erabiliko dituzte bertan nekazaritza ikastaro berriak abian jartzeko.
Elkarte eta jai batzordeentzat diru gehiago
Horrez gain, herriko elkarteek eta auzoetako jai-batzordeek %10 gehiago jasoko dute 2018an. Diru-laguntza horiek izoztuta egon dira urte luzez, eta BEZaren igoera gastuei aurre egin nahi izan zaie horrela. Euskara ikasteko diru-laguntzak ere handituko dira, besteak beste.
Gizarte Etxearen egikaritzeari dagokionez, abian jartzeko beharrezko pausoak emango dira 2018an.
EH Bilduk proposatutakoaren haritik, emergentzia sozialerako etxebizitzak ahalbidetzeko 7.200 euroko inbertsioa aurreikusi bada ere, eraikin horien egikaritzeak eztabaida ugari sortu ditu udal-taldeen artean.
"Zerumugan" proiektua
Udal iniziatibaz sortu ez den proiektua izan arren, Orozkoko Udalak Zerumugan proiektua babesteko hautua egin du, 100.000 eurorekin.
Zerumugan proiektua Antonio Lazkanok zuzendutako ikus entzunezkoa da, Jose Arrue margolariaren “erromeria” obra oinarritzat harturik herriko kultura, usadio eta erritoak lantzea du helburu.
Bertan Orozkoko herritar askok boluntario gisa parte-hartu dute. Blas de Oterori buruzko proiektu bat hastea ere aurreikusi dute.