Euskadi Fundazioaren talde profesionalean arituko zara aurten, nola jaso duzu albistea? Uste zenuen lortuko zenuela?
Urte garrantzitsua izan da niretzat. Bagenekien Euskadi Fundazioak zailtasunak zituela taldearekin jarraitzeko, baina udan zuzendariek talde osoa batu gintuzten eta aurrera jarraituko zuela esan ziguten.
Horren ostean, Mikel Landa fundazioarekin geldituko zela esan ziguten eta berri oso ona izan zen, baina ez genekien zein mailatan egongo zen taldea.
Uda bukaeran Landak deitu zidan berria emateko. Euskadi Fundazioak talde kontinentala izango zuen eta nirekin kontatu nahi zuten. Dei horrek izugarrizko lasaitasuna eman zidan, hurrengo urtean profesionaletan arituko nintzelako.
Zer nolako ibilbidea bete duzu hori erdiesteko?
Afizionatu gisa hasi nintzenean Euskadi Fundazioarekin fitxatu nuen, eta hiru urtez egon naiz taldean. Maila ona eta erregulartasun handia izan dut. Horrez gain, taldeak eskatutakoa bete izan dut beti eta oso pozik egon dira nirekin. Horregatik hautatua izan naizela uste dut.
Zergatik uste duzu hautatu zaituztela urrats garrantzitsu hori emateko?
Afizionatuetan oso arduratsua izan naiz beti entrenamenduekin, elikadurarekin, parranda ez egitearekin... eta arlo horretan ez da aldaketarik egongo. Aldaketa bakarra entrenamenduak apur bat gogorragoak direla da, batez ere, entrenamendu luzeagoak (5-6 orduko entrenamendu ugari ditugu)
Taldekideak ezagutzen dituzu?
Bai. Taldeko teknikoak eta txirrindulari guztiak ezagutzen ditut. Batzuekin aurreko denboraldian egon naiz eta beste batzuk beste taldeetan egon dira, baina denak ditut ezagunak.
Zeintzuk dira zure aurtengo helburuak?
Aurtengo helburuak oso errazak dira; ikastea eta nire errendimendu altuena ematea eta noski, taldeak eskatutako guztia betetzea.
Non lehiatuko zara, zein lasterketetan parte hartuko duzu?
Izango dudan egutegia ez dago zehaztuta, baina Mallorcan hasiko naiz eta seguruenik, Murtzian, Almerian eta Andaluzian egongo naiz denboraldi hasieran.
Zer uste duzu emango dizula profesionalen artean egotea?
Profesionalen artean egoteak emango didana, haietatik ikastea izango da. Txikitatik telebistan ikusi ditudan "idoloen" kontra lehiatzea izugarrizkoa izango da.
Epe luzean noraino heldu nahi duzun pentsatu duzu edo egungo egoera gozatzea da zure lehentasuna?
Helburu nagusia egungo egoeraz gozatzea da, baina argi dut honetaz bizi nahi dudala.