Txarribodak ez dira arrotzak Aiaraldean. Laudion, Amurrion, Artziniegan, Orozkon... hainbat herritan egin dira mota horretako ekitaldiak.
Baina Agurtzane Intxaurragak beste maila batera eraman du kontzeptua. Izen hori duen antzezlana estreinatu berri du antzezle orozkoarrak.
Errenteriako Niessen kulturgunean eskaini zuten lehen emanaldia larunbatean, eta lotuak dituzte dagoeneko hurrengoak: Azkoitian, Hondarribian, Beasainen, Gernika-Lumon eta Eibarren taularatuko dute, besteak beste.
Duela zortzi urte bururatu zitzaion Intxaurragari antzezlanean kontatzen den istorioa, Bertolt Brecht-en Burges txikien ezkontza lantzen aritu zenean.
“Egun haietako apunte eta zirriborroak kontu hauetarako bereziki erabiltzen dudan ‘kutxan’ sartu nituen”, azaldu du Hika Teatroa konpainiako zuzendariak, “gaur bi urte eskas ireki egin nuen ‘kutxa’ hori berriro”.
Kabaret generoko lana
Ezkontza batean girotutako obra da Txarriboda. Minutuek aurrera egin ahala, gonbidatuen faltsukeriak eta trapu zikinak igoko dira taula gainera, ukitu umoretsuarekin betiere.
Kabaret ereduko lana atondu du Intxaurragak. Iñaki Maruri aktoreak pianoa jotzen du oholtza gainean, gainontzeko aktoreek -Sandra Fdez. Agirre, Patxi Gozalez, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti eta Juanjo Otero- Onintza Enbeita bertsolariak idatzitako letrak kantatzen dituzten bitartean.