Sahara, Katalunia eta Euskal Herriko emakumeen borroka aldarrikatuko dute Orozkon

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko ots. 7a, 17:50

Euskal Herriko, Saharako eta Herrialde Katalanetako emakumeen ekarpen eta testigantzak jasoko dituzte. / Argia.eus

Euskal Herriko, Saharako eta Herrialde Katalanetako emakumeen borrokara argitara ekarri nahi dute Etawasol eta Zaskaleari elkarteek. Horretarako “Hiru herri borroka bakarra” deitu duten tailerra antolatu dute elkarlanean otsailaren 9rako.

Isilarazitako emakume borrokalarien errealitatea mahaigaineratu nahi dute “Hiru herri borroka bakarra” tailerrean. Poesia eta testigantzak tarteko Sahara, Katalunia eta Euskal Herriko emakumeen aitortu gabeko ekarpen guztia balioan jarri eta ezagutarazi nahi dituzte. Borrokalari antifaxista katalan baten lekukotzak jasoko dituzte, besteak beste.

Tania Miró, Zaskaleari elkarteko kidearen hitzetan, “hausnarketa eta elkar ezagutzarako espazio bat" zabaltzea da egitasmoaren helburua. Emakumeen istorioak bildu nahi dituzte ahalik eta modu zabalenean, izan Saharako aktibisten testigantzak edo “Baserrian erresistentzian bizi izan den andre baten bizipenak”. Zentzu horretan, “emakume borrokalarien historia estalia osatze aldera, parte-hartzaile guztien ekarpenak izango dira ongi etorriak”.

Tailerra Orozkoko Kultur Etxean burutuko da ostiral honetan -otsailak 9- 18:30ean. Tailer mistoa izango da.

Zaskaleari eta Etawasol
Hau ez da Orozkon elkarlanean antolatzen duten lehenengo ekimena. Iaz sei tailer antolatu zituzten kultur emakumeak biltzeko espazioak sortzeko, aniztasuna ardatz. Tailer horietan orotariko gaiak jorratu zituzten: Islama edo maitasun erromantikoa, esate baterako.

Saharako Errepublikaren eguna
Otsailaren 27an ospatzen da Saharar Errepublikaren eguna, aldarrikatua izan zen egunarekin bat eginez. Etawasol elkarteak hainbat ekintza antolatuko ditu egun hori ospatzeko. Ekitaldi nagusienak otsailaren 24an burutuko dituzte Laudion eta Orozkon. Musika emanaldiak, Saharako preso politikoen inguruko hitzaldiak edota Europar Batasunaren eta Marokoren arteko arrantza hitzarmenaren kontrako sinadura bilketa antolatuko dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide