Zergatik batu zara grebara?
Hasteko, oso beharrezkoa delako. Derrigorrezkoa da, azken urteotan eskubide ugari galdu dugu. Eusko Jaurlaritzak krisialdia eta murrizketak aitzakiatzat hartu ditu horretarako.
Bereziki aldarrikatzen dugu Eusko Jaurlaritzak inbertsioa egitea Euskal Eskola Publikoan, herri honen motorra da, eta inbertitu beharra dago.
Irakasleon lan baldintzak ez dira egokiak; gure soldatek izoztuta daramatzate hainbat urte, bitarteko langileak, hau da, plazarik ez dugunak, asko gara. Kopurua gehiegizkoa da. Kalkuluen arabera, 2000 lanpostu finko sortu beharko lirateke. Bitartekotasuna jaitsi behar da, bai ala bai.
"Ordezkapenak egin behar dira irakaslea faltatzen den lehen egunetik, eta ez 5 egunera. Hezkuntza kalitatea galtzen da horrela"
Ordezkapenak egiten ditugunok badakigu hasieran hemendik hara joan behar dugula, asko mugitu behar garela, baina nik 12 urtetan 45 ikastetxe baino gehiagotan eman ditut klaseak, esaterako.
Bestalde, ordezkapenak egin behar dira irakaslea falta den lehen egunetik, ez 5. egunetik aurrera, gaur egiten den moduan. Orain, irakaslea gaixorik jartzen denean, 5. edo 6. eguna heldu arte ez dago ordezkorik. Gazteek klaseak eta hezkuntza kalitatea galtzen dituzte horrela.
Zerbait gehiago nabarmendu nahi duzu zuen aldarrikapenen artean?
Bai, gure lan karga handia da, eta irakaskuntza publikoan matrikula ugari dago. Irakasle kopurua klase bakoitzeko murriztu beharko litzateke. Orain muga 27 ikasletan dago, baina entzunda daukat ez dela beti betetzen, eta ikasle gehiago daudela.
Niretzat, arrazoi nagusia greba egiteko da Euskal Eskola Publikoan inbertitu behar dela. Izan ere, itunpeko eskola probatuetara dirutza bideratzen ari da Eusko Jaurlaritza. Niri oso txarto iruditzen zait. Alde batera uzten ari dira Eskola Publikoa, eta hori beti izan da herri honen oinarria: bermeak eman dituena, irakasle onenak trebatu dituzte bertan, doakoa...
"Hau ez da irakasleon arazoa bakarrik, jantokiko, garraio edota haurreskoletako langileak ere borrokan daude"
Ikastetxe pribatu pilari ematen diote dirua guri lan ordu gehiago egokitzen zaizkigunean, gutxiago kobratzen. Edonola ere, ez da irakasleon arazoa soilik, jantokian edo garraioan dauden langileen lan baldintzen hobekuntza eskatzen da.
Haurreskoletan lan egiten dutenen eskubideak ez dira Eskola Publikoaren erdia ere. Nire bikoteak lan egiten du Haurreskolan, eta eskubide asko ez dituzte, soldata prekarioetatik hasita. Horregatik greban daude eurak ere.
Oro har, momentuz bilerak egiten ari dira sindikatuak Eusko Jaurlaritzarekin eta zenbait lorpen eskuratu dituztela ematen du, baina oraindik ezer ezin da ziurtatu.
Zein da zure esperientzia Euskal Eskola Publikoan?
Ni 2006an hasi nintzen lanean, eta prekarizazio prozesua bizi izan dut. Nire lehen bi urteak nahiko urte onak izan ziren, ordezkapenen lan-poltsak mugitzen zirelako.
2008tik aurrera, ordea, ordezkapenen arauak aldatu zituzten, eta askoz gutxiago deitzen gintuzten. Oso gutxi lan egiten genuen.
"Ni 2006an hasi nintzen lanean Euskal Eskola Publikoan eta prekarizazio prozesuak bete-betean jo nau"
Esan bezala, 45 ikastetxe baino gehiagotan egon naiz denbora horretan. Hori da aldarrikatzen dugun beste kontu bat; ordezkapenak egiten ditugunok ez dugula lortzen errotzea inon. Hasieran normala da, baina 4, 5 edo 6 urte lan egin eta gero, berdin jarraitzen dugu.
Ez dugu lortzen gure egoera egonkortzea; urtero ikastetxe berria dugu, arau eta lankide berriekin. Nik 12 urte igaro ditut horrela.
Aipatu duzu ordezkapena gauzatzeko 5 egun eman behar dituela irakasleak bajan, zer gertatzen da egun horietan?
Guk, ikastetxeko irakasleok, egin behar ditugu ordezkapenak. Hau da, ikasgai bateko irakaslea falta denean, besteek ordezkatzen dute guardietan. Hori bai, ez dago klaserik. Demagun matematikako irakaslea gaixorik dagoela; ni naiz ordezkoa, baina ez dakit zer ematen duen, ondorioz, ez ditut klaseak ematen, ikasleak zaintzen ditut.
Irakasleak aukera izan badu lana uzteko hori egiten dute, bestela 5 egun igarotzen dituzte ikasi gabe. Nire kasuan, noizbait 4. irakasle-ordezkoa izan naiz. Horrek esan nahi du ikasle horiek hilabete osoa galdu dutela, ikasi gabe egon direla umeak.
Urteko egitaraua bete behar bada, nola egingo dute hilabete osoz ez badute klaserik? Horregatik dago ordezkapenak berehala egiteko beharra.
Zertan islatzen da 27 ikasle izatea gela bakoitzean?
Ikasle bakoitzak behar batzuk ditu. Zenbat eta ikasle gehiago eduki klasean, gero eta zailagoa da behar horiek asetzea. Geletan ikasle gutxiago egongo balira, zentratzeko aukera izango genuke euren beharretan. Ikasle bakoitzak jatorri edo famili ezberdina dauka, edo ikasteko berezko modua.
30 ikasle izatea gelan erokeria hutsa da, ezin da euren beharrei erantzun. Gelen ikasle kopurua murriztuta, irakasle eta gela gehiago egongo lirateke, eta kalitatea hobetuko genuke.