Estatu frantziarrean dagoen euskal preso politiko orozkoarraren kontrako 535 urteko kartzela zigorra babestu du Espainiako Epaitegi Gorenak, helegitea aztertu eta gero. Iazko uztailean ebatzi zuen Entzutegi Nazionalak hori, frogatutzat eman ostean Alaitz Aramendik eta Liher Aretxabaletak lehergailua zartatu zutela Madrilgo San Blas auzoan 2005eko maiatzaren 25ean.
Alaitz Aramendi 2007an atxilotu zuen polizia frantsesak eta egun Roanneko espetxean dago, Euskal Herritik 850 kilometrora, hain zuzen.
Epaitegi frantziarrek ezarritako zigorra bete bezain laster, Estatu espainiarrera bidaliko dute gaur berretsi duten kartzelaldia betetzeko. Legedian egindako azken aldaketekin, Alaitz Aramendik 40 urteko zigorra bete beharko du, eta horiei gehitu jadanik egindako 10 urteak.